• EKONOMIA
  • Industria produkzioak gora Nafarroan, baina behera EAEn

Industria produkzioak gora Nafarroan, baina behera EAEn

2025eko urtarrilean baino ia 14.000 turismo gehiago ekoitzi dira urteko lehen hilabetean Nafarroan

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026eko martxoaren 5a - 10:58

2026ko lehen hilabetean, 2025eko lehen hilabetean baino handiagoa izan da industria-produkzioa Nafarroan (%0,7), baina txikiagoa EAEren kasuan (-%1,0). 2025eko abenduarekin alderatuta ere, igoera nabarmena izan da Nafarroan (%31,1), baina produkzioa jaitsi egin da EAEn (%1,1). EAEko datuak atzo argitaratu zituen Eustatek, eta gaur iritsi dira Nastaten zenbatekoak.

 

Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, Nafarroan %13,1 hazi da inbertsio ondasunen produkzioa, baina behera egin dute kontsumo ondasunek (-%4,2) eta bitarteko ondasunek (-%5,0). EAEn, aldiz, gora egin duen alor bakarra Energiarena izan da, %4,4ko hazkundearekin; gainerakoetan produkzioa beheratu egin da: -%1,4 kontsumo ondasunen eta ekipo ondasunen kasuan, eta -%1,3 bitarteko ondasunen kasuan.

Nastatek zehaztu duenaren arabera, industria produkzioaren gorakada batik bat merkataritzako materialen sektoreari zor zaio: %29,2 igo da urte artean. Igoera horren arrazoi nagusia da 2026ko urtarrilean askoz ere turismo gehiago ekoitzi direla (23.219 turismo) 2025eko urtarrilean baino (orduan 9.317 ekoitzi ziren). Nekazaritzako elikagaien alorrean ere %4,7 egin du gora produkzioak. Kontrara, %11,5 beheratu da industria metalikoan, eta %7,7 papera, zura eta altzarien sektorean.

 

EAEn bi sektoretan izan da hazkundea produkzioan, txikia izan bada ere: %0,4 igo da metalurgia eta produktu metalikoen sektorean, eta %0,3 zurgintza, papera eta arte grafikoen sektorean. Beherakadak azpimarragarriagoak izan dira, ordea: %6,8 gutxiago produzitu da makineria eta tresneria sektorean, %6,7 gutxiago garraio-materialean eta %4,5 gutxiago energia elektrikoa, gasa eta lurrunaren sektorean.