• EKONOMIA
  • Hego Euskal Herrian apaldu egin da industria produkzioa

Hego Euskal Herrian apaldu egin da industria produkzioa

Urriko datuek erakusten dute kontsumo iraunkorreko ondasunen produkzioan sekulako beherakada izan dela Nafarroan, baina ez, ordea, EAEn

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2025eko abenduaren 5a - 12:40

INE estatistika erakundeak emandako datuen arabera, Nafarroako industriak %1,5 egin zuen atzera urrian, nahiz eta aurreko hilaren aldean produkzioa %2,2 handitu zen. Sektoreen arteko portaera oso desberdina izan zen: kontsumo iraunkorreko ondasunen produkzioa %33,7 jaitsi zen aurreko urtearen aldean, eta ekipo ondasunena %14,1. Kontsumo ondasun ez-iraunkorren produkzioa, aldiz, %3,3 hazi zen urte artean, eta bitarteko ondasunena %0,8.

 

Euskal Autonomia Erkidegoan ere, adierazleak %0,3ko beherakada orokorrarekin itxi zuen hilabetea, nahiz eta irailaren aldean industria produkzioan %9,1eko gorakada izan. Kontsumo ondasunek izan zuten urte arteko igoerarik handiena (%3,2), kontsumo ondasun iraunkorrek batez ere (%9,1). Kontsumo ondasun ez-iraunkorrek ere %1,7 egin zuten gora; kontrara, bitarteko ondasunek %1,0 egin zuten behera. Ekipo ondasunen sektorea izan zen zigortuena EAEn, urtean %2,5 jaitsi baitzen produkzioa, nahiz eta irailean baino %12,3 gehiago ekoitzi.