Industriaren negozio-zifra %27 hazi da urtebetean EAEn

Balio erantsi gordina 16.650 milioi eurokoa izan da, 2021ean baino %15,2 handiagoa

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Euskal Autonomia Erkidegoan industriaren negozio-zifra %27 igo da 2022an, aurreko urtearekin alderatuta, 74.642 milioi eurora iritsi arte. Gainera, inbertsioa %39,8 hazi da, 2.500 milioi euroko langa gaindituz, 2009. urteaz geroztik lehen aldiz, Eustaten datuen arabera.

Bestalde, balio erantsi gordina 16.650 milioi eurokoa da, 2021ean baino %15,2 handiagoa, historiako bigarren handiena, 2008koaren ondoren. Adierazle honek ondasun eta zerbitzuen ekoizpen osoaren balio ekonomikoa neurtzen du, ekoizteko beharrezkoak izan diren baliabideak, dirulaguntzak eta zeharkako zergak kenduta.

Eustatek azpimarratu duenez, euskal industriaren 2022ko "indar" hori adierazle ekonomiko guztietan islatu da. Enplegutik hasita, industrian lan egiten duten pertsonen kopurua %1,4 igo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira 204.774 pertsona daude lanean, hau da, aurreko urtean baino 2.824 pertsona gehiago. Era berean, langile-gastuak %6,6 gehitu dira.

Halaber, negozio-zifraren zenbatekoa nabarmen igo da hiru lurraldeetan, baina Bizkaian nabarmendu da gehien. Horrela, 2022an EAEn fakturatutako 15.884 milioi eurotatik, Bizkaiak 9.827 milioi hartu ditu, %61,9, bere negozio-zifra %38,1 igo delako. Araban ere bizkortu egin da, %23,5, eta Gipuzkoan igoera %14,8koa izan da. 

Azkenik, balio erantsiko sektore nagusiak, 2022an, honako hauek izan dira: produktu metalikoen fabrikazioa, makineria eta ekipoa izan ezik; metalurgia; burdinazko, altzairuzko eta ferroaleaziozko produktuen fabrikazioa; eta makineriaren eta ekipoen fabrikazioa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK