
Bilbao Exhibition Centrek hartuko du datorren ekainaren 3tik 5era bitartean Espainiako industria adimendunaren ekitaldirik handiena: +Industry 2025. “Industria osoa, hemen” lelopean, hemezortzi herrialdetako 873 enpresa baino gehiago bilduko dira, fabrikazio aurreratuaren inguruan sinergiak, berrikuntza eta negozio-aukerak sustatzeko helburuarekin.
Ekitaldiak zazpi azoka barne hartuko ditu plataforma bakar batean, eta bisitariek sektore ugaritako prozesuak ezagutzeko aukera izango dute: automobilgintza, energia, farmazia, elikadura, kosmetika edota tren-industriaren alorrak, besteak beste. Parte-hartzaileen profila “kualifikatua” izango da, erabakiak hartzeko ahalmena eta berrikuntzan inbertitzeko interesa duten profesionalekin.
Azokako berrikuntzen artean nabarmentzekoa da weAR gunea, robotika eta automatizazioaren inguruko teknologiak erakutsiko dituena. Halaber, Tech Demoak espazioan saioak egingo dira zuzenean eta aukera egongo da gertutik ikusteko industria errealera aplikatutako azken berrikuntzak. Gainera, ekainaren 4an AIC zentro teknologikora bisita teknikoa ere egingo da.
BeDigital, Maintenance, Pups & Valves, AdditED eta Subcontratacion azokak ere egingo dira beste urte batez, eta, hala, +Industryk konferentzia-programa zabala eskainiko du, 40 hizlarirekin nazioarteko ikuspegia eskainita. Aditu horiei esker eginiko saio espezializatuetan adimen artifiziala, zibersegurtasuna edo fabrikazio aditiboa bezalako gai estrategikoak landuko dira. Gainera, Innovation Workshop tailerretan benetako kasu praktikoen bidez parte-hartzaileek esperientziak partekatzeko parada ere izango dute.
Azkenik, WORKinn Talent Hub “gune integrala” ere nabarmendu dute antolatzaileek, talentua eta industria lotzeko espazio gisa. Enplegua bilatzen duten profesionalek eta ikasleek hogei enpresa baino gehiagorekin harremanetan jartzeko aukera izango dute Enplegu Foroaren bitartez, 300 lan-eskaintza baino gehiago eskainiko baitira.