• EKONOMIA
  • Inflazioa %2,9an kokatu da abenduan

Inflazioa %2,9an kokatu da abenduan

KPIak % 2,7ko batez bestekoarekin itxi du urtea Espainiako Estatuan

Erregaien prezioen beherakada eman da azken hilabetean | Argazkia: iStock
Erregaien prezioen beherakada eman da azken hilabetean | Argazkia: iStock
2025eko abenduaren 30a - 11:06

Urte arteko inflazioa %2,9an kokatu da abenduan, azaroan baino hamarren bat beherago, erregaien prezioen beherakada dela eta nagusiki. INE Espainiako estatistika erakundeak emandako datuen arabera, abenduko tasa horrekin, inflazioak %2,7ko batezbestekoarekin amaituko du 2025a, iazko batezbestekoa baino hamarren bat gutxiagokoarekin.

 

Erregaiez gain, aisialdiko eta kulturako prezioen igoera txikiagoak (iazko abenduaren aldean) eragin du inflazioaren apaltzean. Aitzitik, elikagaiek eta alkoholik gabeko edariek gora egin dute.

Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministerioak nabarmendu du 2024tik 2025erako KPIaren jaitsiera apalak "familiei erosahalmena berreskuratzen jarraitzeko aukera” emango diela. Gainera, azpiko inflazioaren batezbestekoa, energiaren eta elikagai ez-landuen prezioak kanpo uzten dituena, % 2,3ra jaitsi da, 2024an %2,9koa zen.