
2022ko azken hiruhilekoan beheranzko bidea hartu zuen inflazioak Espainian, baina berriro gora egin zuen 2023ko urtarrilean eta otsailean. Badirudi martxoan joera hori hautsi egin dela beste behin, INEk aurreraturiko datuen arabera %2,7 behera egin eta % 3,3n kokatu baita inflazioa, otsailean %6koa izan ondoren. 2021eko abuztutik erregistratu den datu baxuena da, orduan ere zifra berean izan baitzen.
Erregai eta argindarraren prezioak merkatzeak eragin du batez ere beherakada, iazko martxoan hasitako gorakadaren ondoren. Elikagaiek, baina, KPIaren zifra altuetan nabarmen eragiten jarraitzen dute: 2022ko martxoan baino %16,6 garestiago daude.
Azpiko inflazioa ere jaitsi da urtebetean, baina gutxiago. Iazko martxoan %7,6koa bazen, aurtengoan %7,5ekoa izango dela aurreratu du INEk. Otsailetik 7 hamarren hazi da, eta euroa indarrean dagoenetik datu altuenetarikoa izaten jarraitzen du.