Ondobidean, 2026 eta 2027rako Hego Euskal Herriko ekonomian atzeraldirik ez da gertatuko, baina azken urteetakoa baino egoera "exijenteagoa" izango da. Horixe da Laboral Kutxak gaur aurkeztu dituen perspektiba ekonomikoen azterketatik atera daitekeen ondorio nagusia. Bankuko hiru ordezkarik hartu dute parte horretan: Ibon Urgoiti Negozio Garapenerako zuzendariak, Joseba Madariaga Ikerketa departamentuko zuzendariak eta Javier Cortajarena Nafarroako Lurralde zuzendariak. "Hazkundeaz hitz egiten jarraitzen badugu ere, segurtasun gutxiagoko hazkundea aurreikusten dugu", azaldu du Urgoitik.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Egoera exijenteago horren atzean dagoen aldagai nagusia, segur aski, inflazioa da, energiaren eraginak eta prezioetako zenbait elementuk ekarri duten eta ekar dezaketen igoeragatik. "AEB eta Iranen arteko akordioak, eta Ormuzko itsasartea berriro zabaltzeak shock energetiko arriskua gutxitu egiten du, baina ez du prezioen gaineko presioa txikitzen, ezta atzetik dagoen ziurgabetasun politikoa murrizten ere", adierazi du Madariagak. Errenta errealari eta marjinei ere eragiten die.
Dagoeneko diru politikako erabakietan izandako eragina ikusi dugula gogorarazi du ikertzaileak, besteak beste, EBZk eginiko azkeneko bileran erabaki baitzuen azken hiru urteetan lehen aldiz interes tasak 25 puntu igotzea, %3,2raino. Ikusteke dago, gainera, irailean beste igoera bat aplika ote dezakeen.
Agertoki horretan, gainera, Lagardek zuzentzen duen erakundeak ez du aurreikusten inflazioa %2ko buelta horretara itzuliko denik aurten. Laboral Kutxaren estimazioek diote EAEko KPIa %3,5 puntuan kokatuko dela 2026an, eta %2,6an 2027an; Nafarroan, berriz, %3,1 eta %2,4en.
Hazkunde aurreikuspenak mantendu
Momentuz, ikerketa taldeak apenas ukitu ditu abenduan egin zituen hazkunde aurreikuspenak: %1,8an kokatu du EAEko ekonomiaren hazkundea 2026rako, eta dezima bat gorago, %1,9an, Nafarroakoa. 2027an, berriz, igoera hori txikiagoa izan litekeela uste du, %1,5ekoa EAEn eta %1,7koa Nafarroan.
2026 enplegu aurreikuspenei dagokienez, %1eko igoera izan daitekeela aurreikusten du Laboralek EAEn eta %1,2 Nafarroan
Zerbitzuen sektorea jo daiteke "euskarri nagusitzat", eta lan merkatua bera ere, sendo jarraitzen baitute eta jarraitu dezakete. Enpleguaren kasuan, aipatzekoa da hobekuntza erritmoa jaitsi egin dela. Enplegu datuak dira horren erakusle: %1 egin zuen gora EAEn, eta %1,5 Nafarroan; 2024an, hazkundea %1,6 eta %1,8koa izan zen. 2026 enplegu aurreikuspenei dagokienez, %1eko igoera izan daitekeela aurreikusten du Laboralek EAEn eta %1,2 Nafarroan; 2027rako aurreikuspenak zuhurragoak dira: %0,9 eta %0,7, hurrenez hurren.
Edozein kasutan, 2025ko emaitzetan erakutsitako "erresistentzia-gaitasuna" are gakoagoa izan daiteke bi urte hauetan egoerari eutsiko badiote.
Industriak galdutakoa ez du berreskuratu
Inflazioa ez da kezkatzeko elementu bakarra, asko baldintzatu badezake ere. Jakina denez, euroguneak trakzio mugatua darama azken urteetan. Iaz hobera egin zuen egoerak, baina ez du lortu dinamismoa berreskuratzea.
Industriak bizi duen testuinguruak baldintzatzen du hori, besteak beste. Egia da 2025eko datuek hobekuntza txiki bat erakusten dutela EAEko zein Nafarroako industrian, 0,4 eta 0,3koa, hurrenez hurren. Enplegu industriala ere hazi egin da. Aitzitik, "industriak galdutako trakzioa ez da berreskuratu", gogoratu du Urgoitik.
Joseba Madariaga: "Nafarroako industriaren oinarria gehien sufritzen ari diren sektoreak dira, automobilgintza, esaterako. Beste une batzuetan indartsuen izan diren sektore industrialak izan dira, baina orain ez"
Madariagak mahaigaineratu du Espainiaren kasuan, adibidez, industria esparruan hazkundea EAE edo Nafarroakoa baino hazkunde datu hobea ematen duela, %2,3 egin baitu gora 2025ean. "Nafarroako industriaren oinarria gehien sufritzen ari diren sektoreak dira, automobilgintza, esaterako. Beste une batzuetan indartsuen izan diren sektore industrialak izan dira, baina orain ez", plazaratu du. Hala ere, bai espero dira hobekuntzak, batez ere Alemanian eta Frantziako egoerak leundu direla ikusita.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta