Badirudi inflazioak goranzko joera hautsi duela apirilean. INE estatistika institutuak gaur aurreratu aldagai horri buruzko datuak, eta % 8,4koa izan dela iragarri du. Martxoan %9,8koa izan zela kontuan izanda, 1987tik ikusitako jaitsierarik nabarmenena izango litzateke hilabete bakar batean. Maiatzean iragarriko ditu INEk behin betiko datuak.
Kontsumo prezioen indizeak ere behera egin du, % 0,1. Horren guztiaren arrazoia argindarraren eta erregaien prezioen beherakada izan da: lehenengoari dagokionez, 189 euroan izan da megawatt ordua PVCV tarifa arautua dutenentzat, martxoan baino 94 euro merkeagoa, kontsumoaren jaitsieragatik, eta eguraldi epelagoengatik, besteak beste; bigarrenean, Espainiako gobernuak ezarritako 20 zentimoko deskontuak eragin du. Dena den, badira garestitzen jarraitzen duten produktuak, elikagaiak, esaterako.
Azpiko inflazioak, berriz, gora egin du, zehazki, % 4,4. 1995eko urtarrilean izan zen datu hori azkenekoz hain altu.
Inflazio orokorraren datuak beheranzko joerari eutsiko diola pentsa daiteke. Izan ere, argindarraren prezioari mugak jartzea adostu zuten duela bi egun Espainiak eta Portugalek Europarekin.