
Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) urte arteko tasa %5,8ra igo da urtarrilean iazko hilabete berarekin alderatuta. Abenduan urte arteko tasa %5,7koa izan zen, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) jakinarazitako datuen arabera. Hala, urte arteko tasari lotuta azken bost hilabetean izan den beheranzko joera eten egin da.
2022ko uztailean jo zuen goia inflazioak, %10,8raino iritsi baitzen orduan, eta geroztik jaitsi egin da: abuztuan %10,5era jaitsi zen; irailean %8,9ra; urrian %7,3ra; azaroan %6,8ra; eta abenduan %5,7ra. Urte hastearekin batera, koska bat egin du gora eta %5,8an kokatu da. Azken hilabetean, halaber, 2022ko abendutik 2023ko urtarrilera, prezioak hiru hamarren merkatu dira.
Urtea hastearekin batera, Espainiako Gobernuak kendu egin zuen iazko apirilaz geroztik gasolinari eta gasolioari ezarritako hogei zentimoko deskontua. Ondorioz, erregaien prezio erreala hazi egin da urtarrilean eta horrek eragin du, bereziki, inflazioak berriro ere gora egitea.
Elikagaien inflazioak ere gora egin du urtarrilean, %15,3raino. Espainiako Gobernuak BEZa kendu die sei hilabetez oinarrizko elikagai batzuei, eta beste batzuei %10etik %4ra jaitsi die, baina jaitsiera hori ez da nabaritu erosketa saskian eta horregatik igo da elikagaien inflazioa ere.
Hala ere, INEren arabera, elektrizitatearen prezioak behera egin du. Abenduan %10,4 merketu zen, eta urtarrilean %18,5 merkeago egon da.
Gora egin du, bestalde, azpiko inflazioak ere, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituenak. Sei hamarren igo da urtarrilean, %7,3raino, eta euroa erabiltzen hasi zenetik Euskal Herrian egon den kopururik altuenean kokatu da. Hain zuzen ere, azpiko inflazioari begira dihardu Europako Banku Zentralak, eta igotzen jarraitzen duenez, bere interes tasak handitzen jarraitzeko asmoa du hurrengo bileretan ere.