Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) moteldu egin zuen urtarrilean Hego Euskal Herrian izandako gorakada. Euskal Autonomia Erkidegoan, urte arteko tasa %2,3an kokatu zen, aurreko urtean baino sei hamarren gutxiago; Nafarroan, berriz, %2,2ra jaitsi zen. Hileroko datuei dagokienez, prezioak %0,5 jaitsi dira EAEn, eta sei hamarren Nafarroan, Espainiako Estatistika Institutuak zabaldutako datuen arabera.
EAEn, urteko hazkunderik handienak Jatetxe eta ostatuetan, eta Aseguruetan eta finantza-zerbitzuetan izan dira, %4,8ko igoerekin bi sektoreetan. Antzeko gorakada baina zertxobait baxuagoa, %4,5ekoa, izan da bai Edari alkoholdunak eta tabakoa sektorean, bai Elikagaiak eta edari ez-alkoholdunak sektorean. Urte arteko jaitsierak, berriz, Soinekoak eta oinetakoak (%3,9) eta Informazioa eta komunikazioak (%0,8) ataletan izan dira.
Nafarroan, antzeko portaera izan zuten zenbait sektorek. Abenduko datuekin alderatuta, Soinekoa eta oinetakoak (%12,6), Jolas jarduerak, kirola eta kultura (%3,6) eta Garraioa (%1,2) ataletan izan ziren beherakada nabarmenenak. Aitzitik, igo egin dira Edari alkoholdunak eta tabakoa (%1,9), Aseguruak eta finantza-zerbitzuak (%1,4) eta Informazioa eta komunikazioak (%1,3) sektoreetako prezioak, besteak beste.
Urte arteko datuei dagokienez, ordea, Nafarroan Garraioa (%1,1) eta Informazioa eta komunikazioak (%0,3) bakarrik jaitsi dira. Prezioen igoera handienak honako hauek izan dituzte: Aseguruak eta finantza-zerbitzuak (%5,5), Edari alkoholdunak eta tabakoa (% 5,1), Jatetxeak eta ostatua (% 4,6), Elikagaiak eta edari ez-alkoholikoak (% 3,7) eta Hezkuntza eta zainketa pertsonaleko zerbitzuak eta beste batzuk, biak % 3,1eko hazkundearekin.