Inflazioaren gorakada. Nola egin aurre?

Inflazioaren goranzko joera familiak itotzen ari da. Banku Zentralek hori kontrolatzeko neurriak hartu dituzte, baina zuzenak al dira? Zein da inflazioaren jatorria?

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Kezka Iturri nagusi bilakatu da inflazioa. Prezioen gorakadak gizartearen bizitza baldintzatu du eta, kasu askotan, mugatu ere bai. Jendeak ez daki inflazioa zer den azaltzen. Bere ondorioak zeintzuk diren, ordea, badaki ondo.

Historiak argi azaltzen du inflazio altuak ekarri dituen kostuak. Alemaniak oso ondo ezagutzen ditu hiperinflazioak gizartean sortuako arazoak. Prezio altuek gogor astindu zuten Weimarko Errepublika, eta inflazio-tasa % 70era heldu zen. Herritarren egonezinak gainezka egin zuen, eta nazismoaren gorakadari hauspoa eman zion. Historiaren pasarte horrek aztarna sakona utzi du bertan, eta horren ondorio da Alemaniak inflazioa kontrolpean izateko duen jarrera ortodoxoa. Horren ondorio ere bada Europako Banku Zentralak inflazioaren kontrola xede nagusi izatea. Bere politiken bitartez, inflazioa % 2ko langaren azpitik mantentzen saiatu da banku zentrala. Urrezko arau hori, baina, azken urtean malgutu behar izan dute EBZko agintariek. Prezioen maila langa horren inguruan kokatzea ere ontzat ematen du, goitik zertxobait gaindituta ere.

Inflazioa neurtzeko tresnarik ezagunena Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) da. Gizartearen kontsumo azturen arabera osatutako produktu saski baten prezioen bilakaera neurtzen du, eta behar denean saski hori osatzen duten produktuak aldatzen dituzte estatistika institutuek, gizartearen isla izateko. Espainiako Gobernuak, esaterako, estatistika institutuaren zuzendari berria izendatu du KPI neurtzeko erabilitako metodologiarekin bat ez zetorrelako. Argindarraren prezioaren kasuan, esaterako, tarifa arautua baino ez zuen aintzat hartzen, merkatu askeko tarifak aldera batera utzita. Horrek argindarraren prezio altuagoa islatu eta inflazioaren datua desitxuratzen omen zuen, gobernuaren ustez.

Inflazioaren gorabeheraz jositako bi urte

Inflazioaren daturik erabiliena urte arteko tasa da, aurreko urteko hilabete bereko inflazioarekin alderatzen duena. Jira eta bira ibili da tasa hau azken bi urteotan. EBZk 2011an abiatu zuen ekonomia piztu, eta inflazioa igotzeko tresneria. 2008ko finantza-krisiak atzeraldi gogorra ekarri zuen Europara eta ekonomiak nekez egiten zuen gora. Inflazioa negatiboa izan zen 2009an, eta baita 2014 eta 2016 bitartean ere. Deflazio arriskua oso agerikoa zen eta EBZk moneta-politikaren bitartez interes-tasak jaitsi zituen ekonomian dirua txertatzeko eta kontsumoa pizteko. 

Neurriak neurri, inflazioak ez zuen lortzen EBZk ezarritako % 2ko helburura iristea. 2020 urtea, esaterko, prezio baxuekin hasi zen. Urtarrilean inflazioa % 1,4koa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan, eta % 1,2koa Nafarroan. Inflazioa egonkortuko zen urtea behar zuen 2020ak, baina koronabirusak hori ere hankaz gora jarri zuen. COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriek ekonomia gelditu zuten, eta inflazioa tasa negatibotan sartu zen berriz ere 2020ko maiatzean  (-% 1,3 Nafarroan eta -% 0,7 EAEn). Tasa negatiboak urte buakerara heldu ziren. 2021 urtea apal hasi zuen inflazioak (% 0,4 Nafarroan eta % 0,6 EAEn), baina goranzko joera hartu eta abenduaN % 6,6koa izan zen Nafarroan eta % 6,4koa EAEn. 2022an gerra hotsak zabaldu ziren Europan. Errusiak Ukraina inbaditu zuen eta horrek munduko aletegia den eskualdearen esportazioak blokeatu zituen. Europak Errusiari ezarritako zigorrek energia prezioen garestitzea ekarri zuten, eta inflazioak bizi egin zuen gora. Espainia mailan duela hiru hamarkada ezagutu gabeko inflazio tasa ekarri digu ekainak, % 10,2koa.

Inflazioaren jatorria

Iñaki Fernandez de Ganboa Irarragorri ekonomialariarekin hitz egin du EnpresaBIDEAk. Euskal Ekonomisten Elkargoko kidea da eta ibilbide luzea du enpresen munduan. Bere ustez egungo inflazioaren jatorriari begiratu behar zaio aurre egiteko tresna egokiak aukeratzeko. Fernandez de Ganboak adierazi duenez, 2021eko lehen sei hilekoan inflazioak hazkunde iraunkorra izan zuen eta bigarren zatian igoera azkartu egin zen eta ildo horri eutsi dio 2022an. Jatorriari dagokionez, gakoa eskaintza dela uste du ekonomisten elkargoko kideak: “inflazioa ez datza gehiegizko kontsumo batean, produktuaren gabezian baizik”. Ñabardura hori egitea garrantzitsua da bere ustez, “erabakiak hartzeko motiboak ezagutu behar direlako”.

Argi azaltzen ditu Fernandez de Ganboak inflazioaren arrazoiak. Pandemiatik ateratzean lantegiak ez ziren % 100ean lanean ari,eta ezin zuten eskaria asetzeko adina ekoiztu. Horrek prezioak garestitu zituen. 2021eko martxoan Ever Given itsasontziak Suezko kanala blokeatu izanak eta itsas garraioa geldotzeak ere ez zuen lagundu. Txinak koronabirusari aurre egiteko hartutako murrizketek produkzioaren moteltzea ere ekarri zuten. Txinako munduko lantegia izaki, murrizketa horiek ekoizpena moteldu zuten, hornidura kateetan pitzadurak eraginez. Arazo horiek guztiek prezioen garestitzea ekarri zuten, eta Ukrainako gerrak arazoa areagotu zuen.

Iñaki Fernandez de Ganboa: "inflazioa ez datza gehiegizko kontsumo batean, produktuaren gabezian baizik"

Munduko banku zentral nagusiek moneta politika baliatu dutela uste du ekonomisten elkargoko kideak eta zalantzak ditu neurri horien inguruan. “Inflazioa ez du gehiegizko gastuak sortu, baizik eta hornidura arazoek eta merkatutik likidezia xurgatzeak agian kontrako ondorioak sortu ditzake”. Moneta masa urritzeak atzeraldi ekonomikoen aurrekari izan ohi dira, eta finantza merkatuak kezka horren adierazle dira. 

Baikortasunerako zantzua ere ikusten du Fernandez de Ganboak. Txinako higiezinen sektorea krisian sartzeak eraikuntza materialen eskaria murriztuko duela nabarmendu du eta, hortaz, prezioetan merketzea emango dela uste du. Energiaren prezioei dagokienez, hornidura bermatzeko urratsak ematen ari direla esan du, bai Aljeria, bai Norvegiaren partez. Lehengaiak eta energia izan dira inflazioan gehien eragin duten bi aldagaiak eta merketzeak inflazioa urtearen bigarren zatian zerbait arintzea ekar lezake. Hala ere, Ukrainako gerrak egoera ekonomikoa zeharo baldintzatzen duela gogorarazi du.

Erronka energetikoak ere azpimarratu ditu ekonomialariak. Europa Errusiarekiko menpekotasun handiena duen eskualdea da, zaurgarriena. Ameriketako Estatu Batuak, ordea, garaile atera dira, gas likidotuaren salmentak handitu dituelako. Alemania, hornidura bermatzeko, ikatzaren bidez energia sortzen hasi da, eta Europak energia nuklearra eta gasa berdetzat jo ditu berriz ere. Honek guztiak, ekonomialariaren arabera, arazo estrategikoen aurrean gaudela agerian utzi du, eta gobernuek ezer gutxi egin dezakete. Horregatik zail ikusten du gobernuen esku dauden neurriekin soilik egitea aurre inflazioari.

Familiak itota

Hego Euskal Herriko ekaineko inflazioaren datua oraindik ez badugu ezagutzen ere, Espainiako aurreratutako tasa adierazle ona izan daiteke. Estatistika institutuaren arabera estatuko inflazio tasa % 10,2era heldu da ekainean. Azken hamarkadetako daturik altuena da, eta prezioak nora igoko diren pentsatzeak ikaratu egiten ditu familiak. Badira, baina, igoera nabarmenak izan dituzten produktuak. Arrautzak, esaterako, % 25 garestitu dira eta olioa, % 45. Garraio kostuak ere zama bihurtzen ari dira familientzat, eta interes-tasen igoerek maileguen kostua handitu dute.

Kontsumitzaileak erosteko azturak aldatzen ari dira prezioen gorakadari aurre egiteko. Nielsen IQ etxeak argitaratutako txosten baten arabera, kontsumitzaileek % 6,8 gehiago gastatu zuten maiatzean erosketa saskian. Baina prezioari beharrean, erosketa-bolumenari erreparatuz gero, erosketa % 2,9 jaitsi zen: gutxiago erosi, eta gehiago ordaindu. Kopuruan ez ezik, erosteko moduan ere aldaketak izan dira. Inflazioak marka-zurien aldeko hautua areagotu du. Kantar etxearen Worldpanel txostenak urte honetako lehen hiruhilekoan marka zuriek % 40,7eko kuota lortu dutela nabarmentzen du, aurreko urtean baino bi puntu gehiago. Kantar etxeko txostenak kuota honen bilakaera historikoa jasotzen du. 2008ko krisian marka-zurien kuota % 27koa baino ez zen, eta 2014rako % 34ra igo zen. 

Kontsumitzaileek % 6,8 gehiago gastatu dute erosketa saskian, baina erosketa-bolumenari erreparatuz gero, erosketa % 2,9 jaitsi da: gutxiago erosi eta gehiago ordaindu

Txiroen zerga esaten zaio inflazioari, eta egungo egoera argi uzten ari da familia behartsuenen zaurgarritasuna. Kantar etxearen txostenak nabarmentzen du familien % 4k oinarrizko elikagaiak ezin dituela erosi eta % 8k ezin diela etxeko gastuei aurre egin. Energiaren prezioaren gorakada inflazioaren igoeraren arrazoi nagusiena da, eta negua heltzean etxeak egoki berotzeko zailtasunak izan ditzakete familia askok. Ikusteko dago Espainiako Gobernuak argindarraren prezioa murrizteko hartutako neurriak nahikoak izango diren.

Euroa ahulago, inportazioak garestiago

Europakoa izan da inflazioari aurre egiteko moneta-politikaren alorreko neurriak hartzen azken banku zentral nagusia. AEBetako Erreserba Federalak interes-tasak 75 puntu igo zituen ekainaren 15ean, azken 28 urtetako igoerarik handiena. 2022ko martxoan igo zituen tasak lehen aldiz, eta atzo bertan uztailerako tasak beste 75 puntu igotzeko aukera mahai gainean jarri zuen. Eskarian jatorria ez duen inflazioari interes-tasak igota aurre egiteak zalantzak sortu ditu analisten artean. Neurri horrek atzeraldiaren arriskua hurbildu dezake, eta dagoeneko hurrengo urterako interes-tasen jaitsiera iragartzen duten iritziak agertu dira.

Europako Banku Zentralak uztailerako iragarri du 25 puntuko igoera. Aldea, hortaz, nabaria da AEBkiko, eta horrek isla zuzena du kanbio-tasen merkatuan. Egun erakargarriagoa da AEBko aktiboetan inbertitzea, interes-tasa altuagoak eskaintzen dituztelako. Dolarrak erosten dituzte inbertitzaileek, eta horrek euroa ahultzen du. Azken hamarkadetako kanbio-tasarik baxuena du euroak, dolarrekiko parekotasunera hurbilduz.

Euro merkea izateak euroguneko esportazioak hauspotu ditzake baina albo-kalteak ere baditu.: inportazioak garestiagoak dira eta horrek inflazioari eragiten dio zuzenean

Euro merkea izateak euroguneko esportazioak hauspotu ditzake eta atzerriko turismoa erakar dezake, baina baditu bere albo-kalteak ere. Inportazioak garestiago egiten ditu euro ahul batek, eta horrek inflazioari eragiten dio zuzenean. Europak erabiltzen dituen erregaiak nagusiki dolarretan inportatzen direnez, prezioa garestitu egiten da. Beste koxka bat inflazioaren hurrenkeran.

Irailetik aurrera mundu mailan egon liteken atzeraldiaren beldurrak eraginda, petrolioaren prezioak behera egin du azken egunetan eta Brent kupelaren kotizazioa 100 dolarretik behera dago, apirileko mailara jaitsiz. Merketze hori, baina, ez dugu Europan hain errez sumatuko euroaren gainbehera dela eta. Lehengaien eta erregaien alorrean aurrerapausoak egon daitezkeela dirudi, eta horrek inflazioa lausotu dezake hurrengo hilabeteetan. Aldiz, euroa ahultzeak ez dio jaitsiera horri mesede egingo.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK