• EKONOMIA
  • Inflazioak behera egin du irailean Hego Euskal Herrian

Inflazioak behera egin du irailean Hego Euskal Herrian

KPI %10,5etik %8,8ra jaitsi da irailean, bereziki argindarrean eta garraio zerbitzuetan ezarri diren deskontuengatik. Dena den, elikagaiak gehiago garestitu dira

Emakume bat erosketak egiten, Donostiako saltoki batean | Argazkia: EnpresaBIDEA
Emakume bat erosketak egiten, Donostiako saltoki batean | Argazkia: EnpresaBIDEA
2022ko urriaren 14a - 13:22

KPI kontsumo prezioen indizeak beheranzko joerarekin jarraitzen du Hego Euskal Herrian, eta abuztuan baino jaitsiera handiagoa izan du irailean, 1,7 puntukoa. Hala, %10,5etik %8,8ra jaitsi da, INE Espainiako estatistika institutuak kaleratutako azken datuen arabera. Batez ere, Espainiako Gobernuak argindarraren fakturan ezarritako BEZaren jaitsieragatik (%21etik %5era) eta garraio zerbitzuetan erakundeek ezarritako deskontuengatik izan da murrizketa.

 

Hala ere, elikagaien prezioak goranzko joerari eusten dio eta abuztutik irailera 0,6 puntu egin du gora. Iazko datuekin alderatuz gero, berriz, elikagaiak 2021eko irailean baino %14,5 garestiago daude orain. Esnea, olioa, arrautzak eta zerealak dira erosketa saskian gehien garestitu diren produktuak.

Azpiko inflazioak ere, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituenak, gora egin du. Abuztutik irailera 0,2 puntu igota, %6,6an kokatu da. Prezioen igoera hasi zenetik, orain arteko mailarik altuenean dago azpiko inflazioa.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain