Inflazioak gora egin du Espainian

Erregaiek eragin dute prezioen garestitzea, eta ekainera arte beherazko joera izaten ari bazen ere, gora egiten hasi da berriz

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Udan prezioek gora egin dute berriz eta bigarren hilabetez segidan handitu da inflazioa. Uztailetik abuztura hiru hamarren garestituta dira prezioak eta %2,6ean kokatu da urte arteko KPIa. INE Espainiako estatistika institutuak azaldu duenez, erregaien eta olioaren prezioaren igoera izan dira hazkundearen arrazoi nagusiak. Erregaiak, esaterako, %5 igo dira uztailetik abuztura bitartean.

Elikagaien prezioa, ordea, apaldu egin da eta %10,5ean kokatu da abuztuan. Otsailetik behera egiten ari zen KPIa, ekainean %2tik behera egin zuen artea, baina uztailean igoera txiki bat izan zuen eta abuztuan igoerak jarraipena izan du. Era berean, azpiko inflazioa %6,1ean kokatu da abuztuan, uztailean baino hamarren bat gutxiago, hain zuzen.

Espainiar estatuko batez bestekoaren gainetik dago EAEko inflazioa abuztuan (%2,7). Nafarrokoa, aldiz, hamarren bat gorago, %2,8an. Halaber, Espainiako inflazioa euroguneko batez bestekoa baino baxuagoa da. Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroak, inflazioa %3tik behera eustea eta elikagaien prezioaren apaltzea azpimarratu nahi izan ditu, eta Espainia “Europan gehien hazten ari den ekonomia eta inflazioa baxuena duena" dela adierazi du. Hala, inflazioaren goranzko joera hau urte amaierara arte mantenduko dela aurreikusi du, 2023a %3 pasatxoko inflazioarekin bukatuz.

Bestalde, aste honetan biltzekoa da Europako Banku Zentrala, eta prezioen egonkortasuna lortzeko estrategian (inflazioa %2ra jaitsi nahi dute), interes tasak mantendu edo berriz ere igoko dituen ikusteke dago.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK