• EKONOMIA
  • Inflazioak zazpi hamarren egin du gora abuztuan

Inflazioak zazpi hamarren egin du gora abuztuan

INEren arabera, %4,3an kokatu da Espainiako KPIa, erregaien prezioa dela eta

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko abuztuaren 28a - 12:04

Prezioek gora egiten jarraitu dute abuztuan, eta 2023az geroztik maila altuenean kokatu berri da KPI Kontsumo Prezioen Indizea. INE Espainiako Estatistika Institutuak aurreratuko datuen arabera, Espainiako KPIa %4,3ra igo da azken asteetan, uztailean baino zazpi hamarren gehiago, %3,6an kokatu baitzen orduan. Azpiko inflazioa, aldiz, %2,9raino jaitsi da, uztailean baino hamarren bat apalago.

 

Erregaien garestitzeak eragin du prezioen gorakada, Iran eta AEBren arteko gatazkak puri-purian jarraitzen baitu. Dena den, behin betiko datuak irailaren 15ean eskainiko ditu INEk, eta orduan ikusi ahalko da erregaiez gain zerk eragin duen gorakada. Hego Euskal Herriko datu zehatzak ere orduan ezagutuko dira.

Jakina dena da udaran inflazioaren gorakada nabarmena izaten ari dela. Urtarrilean KPIa %2,3koa zen Hego Euskal Herrian, eta uztailean %3,7ra iritsi zen. Merkatuko analistek %4ko inflazioa aurreikusten zuten abuzturako, baina espero baino gehiago garestitu dira prezioak.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain