Inflazioaren aldakortasunaz ohartarazi du EBZk

Azken hamarkadan inflazio eta desinflazio prozesuak egiturazko elementuek bultzatutakoak izan badira, ziurgabetasunak hankaz gora jar dezake dena

Christine Lagarde EBZko presidentea | Argazkia: Europa Press Christine Lagarde EBZko presidentea | Argazkia: Europa Press

Aurreko hamarkadari erreparatzen badiogu, inflazio eta desinflazioa prozesuak indar zikliko eta egiturazkoek bultzatu zituzten, nahiko modu uniformean. Aitzitik, joera horretan gerta daitekeen aldaketaz aritu da Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidentea, ziurgabetasuna "bereziki altua" baita eta orain arte ziurtzat jotzen ziren zenbait elementu aldatzen ari baitira. "Ezinezkoa da inflazioa beti %2an mantentzea”, nabarmendu du.

Lagardek azaldutakoaren arabera, oraindik badira egiturazko zenbait faktore prozesu horiek bultzatzen dituztenak, gizartearen zahartzea eta digitalizazioa tarteko. Testuinguru berrian, ordea, jokoan jokalari berriak sartzen ari direla esan du EBZko buruak: aldaketa klimatikoa, defentsa gastuaren aldeko apustua eta merkataritza gerra, azken biak elkarren artean oso lotuak. Halaber, orain arte gertuko harreman komertzialak izan dituzten zenbait bazkide aldentzen ari dira, eta kontrara, elkarrengandik urrun izan direnak gerturatzen. "Duela hilabete batzuk pentsaezinak ziruditen erabaki politikoak ikusi ditugu".

Gauzak hala, defentsan gehiago gastatu behar izateak eta zatiketa komertzialak eraman lezake inflazioak gora egitera, pentsa liteke. Aitzitik, AEBko muga zergek esportazioen eskarietan beherakada ekar lezake. Horrekin batera, Txinak AEBra bideratzen zuen ekoizpenaren zati bat Europara bideratzen hasiko balitz, Europako eskaintza eta lehia handituko litzateke, eta, hortaz, prezioak baxuagoak izango lirateke.

Gauzak horrela, EBZeko presidenteak jakinarazi du EBZ une honetan hainbat egoera mota aztertzen ari dela, “tasa aldaketekin eta politika fiskalekin lotutakoak, baita horiek edukiko luketen eragina ere”. "Bizkortasuna" eta "argitasuna" bateratzea ezinbestekotzat jo du Lagardek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK