Irailaren bukaeran aurreikusi bezala, inflazioa %3,5era igo da irailean. INEk berretsi du orain bi aste aurreratutako datua, eta urtearen lehen erdiko beheranzko joera eten du erabat. Izan ere, ekainean %2tik behera kokatu zen KPIaren urte arteko tasa, harrezkeroztik, ordea, prezioek gora egin dute berriz.
Hala, irailean ia puntu oso bat igo da inflazioa, %2,6tik %3,5era. Argindarra eta erregaia garestitzeak eragin du, batik bat, hazkundea. Gasolinaren prezioa %11 igo da maiatzetik irailera. Diesela, aldiz, %17 garestituta da epe berean.
Aipatutakoez gain, elikagaien prezio altuek ere eragin dute inflazioaren hazkundean, izan ere, urte arteko tasan garestien mantentzen den salgai multzoa da. %10,5 igo dira prezioak irailean, abuztuko ehuneko bera. Elikagaien artean, oliba olioaren garestitzea da inflazioaren arrazoi nagusienetakoa, irailean %10 igo baita bere prezioa. Azpiko inflazioari dagokionez, %5,8an kokatu da irailean. Hiru hamarren egin du behera, beraz, eta bigarren hilabetez segidan apaldu da.
INEren datuen arabera, EAEko inflazioa %3,6koa da, eta %3,4koa Nafarroan. Hala, azken hilabetean bederatzi eta sei hamarren igo da KPIa, hurrenez hurren.