• EKONOMIA
  • Inoiz baino bidaiari gehiago izan ditu Loiuko aireportuak uztailean

Inoiz baino bidaiari gehiago izan ditu Loiuko aireportuak uztailean

Foronda eta Hondarribiko aireportuetan murriztu egin da bidaiari kopurua. Noainen nabarmen handitu da hegaldi kopurua

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2025eko abuztuaren 12a - 15:23

AENAk eskainitako datuen arabera, aurtengo uztailean 690.201 pertsona igaro dira Loiuko aireportutik, inoizko bidaiari gehien hain zuzen (2024an baino %0,6 gehiago). 2025eko lehen zazpi hilabeteetan, 3,98 milioi bidaiari hartu ditu aireportuak, iazko epe berean baino %3,6 gehiago.

 

Uztailean, bidaiari kopurua handitu bada ere, hegaldi kopuruek behera egin dute. Denera 4.993 aireratze eta lurreratze operazio izan dira Bizkaiko aireportuan, iazko uztailean baino %3,2 gutxiago.

Forondako aireportuan, aurreko urteetako uztaileko datuekin alderatuta, %0,6 bidaiari gutxiago izan dira: 27.450. 1.334 aireratze eta lurreratze egin dira, iazko epe berean baino %3,3 gutxiago. Halaber, 6.358 tona karga mugitu ziren Gasteizko aireportuan, iazko uztailean baino %3 gehiago.

 

Hondarribiko aireportuan ere bidaiari kopuruak behera egin du. 47.790 bidaiari hartu ditu Gipuzkoako aireportuak, iazko uztailean baino %5,4 gutxiago. Denera 682 hegaldi kudeatu dira uztailean, 2024ko hilabete berean baino %6,1 gehiago.

Azkenik, Noaingo aireportuan 816 aireratze eta lurreratze egin dira, iazko uztailean baino %50 gehiago. Bidaiari kopuruari dagokionez, 20.000 pertsonako langa gainditu du.