
49.000 ikasle ditu EAEko lanbide heziketak 2023-2024. ikasturtean. Inoizko zifra onenak dira, iaztik %10 hazi baita ikasle kopurua. Hori gutxi balitz, heziketa-ziklo kopurua ere handitu da. Aitzitik, ez da aski enpresak hornitzeko, "behar kualifikatuak" dituztelako. Halaxe uste du Julen Elgeta Hetel Euskadiko Lanbide Heziketako Abantean Ikastetxeen Elkarteko presidenteak, gaur goizean eginiko prentsaurrekoan nabarmendu duenez. Hori dela eta, azpimarratu du ikusarazi egin behar dela talentu globala euskal enpresetara erakartzeko beharra, eta bereziki Lanbide heziketaren bitartez egin behar dela bide hori.
"Enplegagarritasun handiko eta etorkizuneko proiekzioa duten titulazioetara bideratzeko ahalegina egin behar dugu. Ikasleek iraunkortasunerako eta digitalizaziorako gaitasun handiagoak behar dituzte, baina talentu hori ez diegu ikasleei bakarrik eskatu behar", plazaratu du Elgetak. "Ezin dugu onartu talentu globalaren beharra hazten ari den herrialde gisa ia % 100eko enplegagarritasuna duten lanbide-familia askok plaza libreak izaten jarraitzea, hala nola fabrikazio mekanikoa, elektrizitatea eta elektronika, etab", gaineratu du.
Helburuak aurkeztu eta beharrak aldarrikatzeko asmoz, Talentua Euskal Lanbide Heziketan izango da aurtengo Hetel sarien leloa, BBK Fundazioak eta Euskaltel Fundazioak babesten dituztenak. Hain zuzen, VIII. edizioko irabazleak iragarri dituzte agerraldian: LKS Next, P4Q Electronics eta Igor González de Galdeano. Sari-banaketa azaroaren 6an egingo da, BBK aretoan.