Inoizko aurrekontu handienak aurkeztu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean. 1.296 milioi euro erabiliko dira lurraldea kudeatzeko, eta izaera “inbertitzailea” duten partiden bidez, Eider Mendoza diputatu nagusiaren hitzetan.
Gobernu Kontseiluaren onespena jasota, Gipuzkoako Batzar Nagusietan kontuak eztabaidatzeko epea zabalduko da orain. EAJ eta PSE-EEk osatutako gobernu koalizioa gainerako alderdiekin bilduko da. Aurrekontuak aurrera ateratzeko, beste alderdi baten babesa beharko dute, eta Mendozak azaldu du alderdi guztiekin adostasun batera iristen saiatuko dela.
Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuarekin eta Jose Ignacio Asensio diputatuorde nagusiarekin batera izan da agerraldian Mendoza, eta etorkizuneko zaintzak eta ekonomia sustatzearen aldeko “apustu argia” egin duela azaldu du. Aldundiak aurreikusi du 2026an 600 milioi euro inguru bideratuko dituela gizarte politikaren arlora, 2025ean baino %12 gehiago. Hala, 53 milioi euro bideratu nahi dituzte adinekoentzako egoitza berriak eraiki eta egokitzeko (Adinberri, Arbes eta Erreazabalgo espazioak eraikitzen ari dira).
Aldundiaren arabera, azken bost urteetan, %50 handitu dute gizarte politikara bideratutako aurrekontua. Mendozak nabarmendu du “eraldaketa demografiko eta sozial handiko” une honetan, “babesik gabe dauden adingabeak, desgaitasuna duten pertsonak eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko” konpromisoa dutela. Horrela, 340 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu pertsona zaurgarrienak babesteko asmoz.
Lanpostu eta aukera berriak sortzea
“Etorkizuneko industria sektoreak” garatu nahi ditu Gipuzkoak, eta, horretarako, 22 milioi euro erabiliko ditu “balio erantsi handiko” eremuak garatzeko, “lanpostu eta aukera berriak” sortu asmoz.
Aldundiaren Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen departamentuak 76 milioi euro izango ditu guztira. 31 milioi tokiko enpresa txiki eta ertainak “babestera” bideratuko dira, eta beste 22 milioi I+G proiektuak garatzera eta digitalizazioa, berrikuntza eta talentua indartzera.
31 milioi tokiko enpresa txiki eta ertainak “babestera” bideratuko dira
Ogasun eta Finantza departamentuak 62,5 milioi euroko aurrekontua izango du. TicketBAIren sisteman “urrats berriak” eman nahi dituzte, adimen artifizialeko proiektu pilotu baten bidez barne produktibitatea hobetzeko eta sistemak erreforma fiskalaren berrikuntzetara eta azken urte honetan sortutako zerga betebehar berrietara egokitzeko.
7.000 milioi eurotik gorako diru-sarrerak
Aurten 7.224 milioi euroko diru-sarrerak izatea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hortik aterako da datorren urteko aurrekontua (1.296 milioi euro). Gainerako 5.637 milioi euroetatik 4.741 milioi euro Eusko Jaurlaritzari emango zaizkio, 721 milioi udalei, eta 449 milioi Espainiako Estatuari, kupo bidez.