
Atzo arratsaldean bost emakume garaile izan ziren Inspira Gazteak Sarietan: Shrabani Aranzabe-Pita, Ainhoa Bereziartua, Maddi Goikoetxea, Maite Ponferrada eta Sofia Ferreira. Tolosako Topic zentroan egin zen sari banaketan iragarri ziren hamabost finalistetatik irabazle izendatu ziren bostak. Sarien helburua inspiratzen duten gazteei aitorpena egitea da, hau da, orotariko diziplinetako pertsonek egiten duten ekarpena txalotzea, “kontzientziak astintzeko eta gizartean eragina izateko grina” duten gazteak baitira.
Kutxa Fundazioaren eskutik, bost emakumeek 15.000 euroko saria jaso dute aurkeztutako proposamenagatik. Orotara 122 proiektu aurkeztu ziren, eta epaimahaikideek (Felix Arrieta, Aitziber Sarobe, Ion Irurtzun, Blanca Zaragüeta eta Aizpea Goenaga) adierazi zuten irabazleak hautatzeko prozesua ez dela batere erraza izan. Goenaga epaimahaikideak saridunen “ibilbide ilusionagarriak, sinesgarriak eta sendoak” goraipatu zituen, eta “eragile inspiratzaileak” direla baieztatu zuen.
Irabazleek orotariko lanak egin dituzte. Shrabani Aranzabe-Pitak, adibidez, Naturaren Doinuak proiektua sortu zuen, zeinak natura, hezkuntza, artea eta kultura uztartzen dituen. Proiektuak gizarte inklusiboagoaren alde egiten du, eta, horretarako, haurrentzako zein nerabeentzako esperientzia artistikoak eta naturarekin lotura duten ekintzak eskaintzen ditu.
Artea eta sormena uztartzen ditu, baita ere, Maddi Goikoetxea Juanena donostiarrak. Zenbait eta zenbait proiektu eta tailer egin ditu administrazio, elkarte eta eragileekin, besteak beste, 'Emakume sortzaileak barroteen atzean' egitasmoa. 'Ura jaten: antzerkia, prestigio soziala eta prekaritatea Euskal Herrian' ere argitaratu zuen Goikoetxeak, EHAZErekin Euskal Herriko antzerki eskolen gainean egindako ikerketa baten ondorioz.
Antzerkitik haratago, ikus-entzunezkoen arloan murgildu da Maite Ponferrada Mellado. Pletina Films ikus-entzunezko estudio sortzailearen sortzaileetako bat da, eta hainbat dokumental proiektutan hartu du parte, batik bat, osasun mentala, migrazioa eta inklusioa jorratzen duten lanak landuta. Kontatzen dituen istorioen bitartez inpaktua sortzea du helburu, eta, besteak beste, Munduko Medikuak eta Mugarik Gabeko Psikologoak elkarteekin lan egin du.
Sofía Luisa Soares Ferreira Nunes Teixeira gizarte-zientzietatik aldendu eta ikerketa zein dibulgazio zientifikoan aditua da, eta, 2022an Gipuzkoara iritsi zenetik (Portugalen jaiotakoa da) hainbat ekimenetan parte hartu du. Gaur egun, Europar Batasunaren Marie Sklodowska-Curie proiektuan ari da lanean, eta European Magnetism Associationeko talde bat ere koordinatzen du; gainera, CIC nanoGUNEko Genero Berdintasun Batzordeko buru ere bada.
Bosgarren saritua, Ainhoa Bereziartua Aranzabal, One Health ikuspegian espezializatu da, biomedikuntza ikasi ondoren giza, animalia eta ingurumen osasunaren arteko lotura “harrigarria” iruditu baitzitzaion. Ondorioz, erakusketa proiektu ibiltaria garatzen ari da Bereziartua, dibulgazio zientifikoan espezializatutako ilustratzaile batekin elkarlanean: helburua da hiri inguruneek pertsonen osasunean duten eragina ezagutaraztea, alegia, herritarrak ongizateari buruz informatzea. “Zientziaren eta gizartearen arteko zubi-egile gisa ikusten dut nire burua”, azaldu zuen Bereziartuak.