Interes tasek gora: nola atera etekina aurrezkiei?

Espainiako Bankuko bulegoen atarian ikusitako ilarek argi erakusten dute aurreztaileek badutela interes tasen gorakadari etekina ateratzeko gogoa. Bankuek, ordea, ez dute oraindik aurrezki produktuen errentagarritasuna igo. Badira, hala ere, urrats txikiak ematen hasi diren erakundeak

Argazkia: Pexels Argazkia: Pexels

Inoizko gorakadarik malkartsuena izan dute interes tasek azken urte honetan. Hedabideek xehe aztertzen dituzte Europako Banku Zentralak hartzen dituen erabaki guztiak, eta Euriborraren goranzko joera hizpide nagusi bilakatu da solasaldi ekonomiko guztietan, inflazioarekin batera. Entzutetsua, zalantza barik, afera. Duela urtebete interes tasen soinu-bandak balada baten itxura bazuen ere, egun heavy metalaren erritmoak hartu ditu, intentsitatean gora eginda. Lehengo biniloek bezala, igoerak bi alde ditu. Alde batean, maileguen kuotak ordaindu behar dituzten bezeroak; B aldean, ordea, aurrezkiak dituztenak. Azken horiek aurrezkiei etekina atera nahi diete prezioen gorakadarekin erosahalmenik ez galtzeko. Oraingoan, baina, interes tasen gorakadak ez die bi aldeei berdin eragingo.

Aurreztaileek produktu gama zabala dute diruari errentagarritasuna ateratzeko. Gakoa da onartzeko prest dauden arrisku maila. Hala, aurrezki kontuak eta epe finkorako gordailuak arriskurik baxuena duten produktuak dira, kasik arrisku gabeak, finantza erakundearen kaudimenaren arabera. Produktu horien errentagarritasuna ezartzeko euriborrari koxka bat kentzen diote bankuek. Interes negatiboen garaian bankuek utzi zioten aurrezki kontu eta gordailuak ordaintzeari eta bezeroak inbertsio funtsetara bideratu zituzten, arrisku handiagoa dutenak, merkatuen bilakaeraren araberakoa, kasu gehienetan. Azken hilabeteetan funtsek ez dute portaera oso onik izan, eta hainbat bezerok galerak izan dituzte. Gauzak horrela bezero kontserbadoreenek "ohiko" produktuen aldeko hautua egin dute, interes tasen gorakadak gordailu eta aurrezki kontuen ordainsarian isla izango zuelakoan. Egoera, aldiz, zeharo aldatzen da Bidasoaren aldearen arabera.

Ipar Euskal Herrian errentagarritasun handiagoa

Finantza erakundeen jarduna estatuz estatu aldatzen da eta hori produktuen eskaintzan igartzen da. Hala Espainian bankuek tasa aldakorreko hipoteken alde egin izan dute historikoki. Interes tasa negatiboen sasoiak, berriz, joera hori aldatu zuen eta bankuek, errentagarritasun handiagoa lortzeko, tasa finkoko hipotekak hobestu zituzten. Azken urte hauetan Hego Euskal Herrian batez ere tasa finkoko hipotekak sinatu badira ere, oraindik handia da tasa aldakorreko hipoteken pisua.

Frantzian badira Errepublikako gobernuak arautzen dituen Livret A eta LDDS (Garapen Iraunkor eta Solidarioaren Libreta) aurrezki kontuak. Doako produktuak dira, eta gobernuak ezartzen du kontuaren errentagarritasuna

Frantzian, ordea, bankuek tasa finkoko hipotekak eskaintzen dituzte nagusiki. Ipar Euskal Herriko bezeroek, hortaz, ez dute interes tasen gorakada pairatu hileko kuotetan. Aurrezki kontuekin ere badira aldeak Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean. Frantzian badira Errepublikako gobernuak arautzen dituen Livret A eta LDDS (Garapen Iraunkor eta Solidarioaren Libreta) aurrezki kontuak. Doako produktuak dira, eta gobernuak ezartzen du kontuaren errentagarritasuna. Livret Aren kasuan, esaterako, errentagarritasuna euriborraren bilakaera eta inflazioa aintzat hartzen duen formula baten bitartez ezartzen da, sei hilerik behin berrikusten duena. Hala, otsailaren 1etik aurrera %3ko errentagarritasuna emango du Livret A aurrezki kontuak. Hego Euskal Herrian, ordea, bezeroek zaila daukate halako errentagarritasunik lortzea aurrezki kontuetan eta gordailuetan. Interes oso baxuak eskaintzen dituzte nagusiki, % 1 ingurukoak, eta etekin handiagoa eskuratzeko inbertsio funtsetara bideratzen dituzte.

Espainian aurrezkiengatik gutxiago ordaindu 

Espainiako bankuek Euroguneko interes tasarik baxuenetakoak eskaintzen dizkie bezeroei, Eurostatek emandako datuen arabera. Horrela, 2022ko abenduan urtebeterako gordailuengatik Euroguneko bankuek batez beste % 1,34ko errentagarritasuna ematen zuten, Frantzian % 2,13koa eta Espainian % 0,42koa. Hego Euskal Herriko aurreztaileek, hortaz, Iparraldekoek baino %80 gutxiago eskuratzen dute urtebeterako gordailuetan. Europarekiko aldea ere handia da.

Espainiako bankuek Euroguneko interes tasarik baxuenetakoak eskaintzen dizkie bezeroei. Horrela, 2022ko abenduan urtebeterako gordailuengatik Euroguneko bankuek batez beste % 1,34ko errentagarritasuna ematen zuten, Frantzian % 2,13koa eta Espainian % 0,42koa

Arrakala horren oinarria Espainiako finantza erakundeen likidazio mailan datza. Europako estaldura-ratiorik altuena dute Espainiako bankuek, % 233koa, batez bestekoa baino altuagoa. Inflazio baxua kezka iturri nagusia zenean Europako Banku Zentralak ekonomian likidezia txertatzeko programa berezia abiatu zuen, bankuei dirua interes negatiboetan eskainiz. Espainiako Bankuek programa horretaz baliatu ziren likidezia erraz eta merke eskuratzeko eta horregatik gaur egun ez dute bezeroen aurrezkia ordaintzeko beharrik. EBZk utzitako dirua itzultzen bukatzen dutenean ere, ez da espero estaldura-ratioa nabarmen okertzea eta, hortaz, bezeroen aurrezkia gehiago ordaintzeko beharrik izatea. 

Gordailuak eskuratzeko gerra, hastear?

Gauzak horrela, ez da espero bankuek bezeroen aurrezkia eskuratzeko eskaintza erasokorrik egitea. Bestela esanda, ez da espero pasiboaren gerra abiatzea, baina merkatuan mugimendu txiki batzuk sumatu dira. Euroguneko bezeroek badute batasuneko edozein estatuko bankuetan kontua ireki eta bertan epe finkorako gordailuak egiteko aukera, interes altuagoa lortuz. Ihesik, ordea, ez da igarri.

Hego Euskal Herriko banku nagusietako bankuek EnpresaBIDEAri azaldu diote gaur-gaurkoz ez dutela gordailuak gehiago ordaintzeko asmorik, baina egoera egunez egun aldatu daitekeela eta estrategiak etengabe berrikusten ari direla. Badira finantza erakunde gutxi batzuk eskaintza interesgarriak egiten hasi direnak. Batez ere Hego Euskal Herrian kuota txikia duten bankuak eta internet bidezko bankuak dira. Renault Bank erakundeak, esaterako, bi urterako gordailua eskaintzen du, % 2,83ko errentagarritasuna (UTB) emanez eta Wizink bankuak hiru urtera % 2,50koa.

Hego Euskal Herriko banku nagusietako bankuek gaur-gaurkoz ez dute gordailuak gehiago ordaintzeko asmorik, baina egoera egunez egun aldatu daitekeela eta estrategiak etengabe berrikusten ari direla

Ohiko bankuetan ere mugimenduak hasi dira, baina aurrezki kontuen bitartez. Ibercajak, esaterako, %5eko UTB ordaintzen duen aurrezki kontua aurkeztu du, merkatuko interesik altuena. Eskaintzak, aldiz, letra txikia du. Lehen 6.000 euroak baino ez dira interes horrekin ordainduko, eta bezeroak 1.400 euroko nomina helbideratu behar du. Epe laburrean ez da, hortaz, Hego Euskal Herriko bankuen aldetik eskaintza erakargarririk espero, baina gordailuen gerra abiatzekotan erakunde guztiek badituzte tresnak prest. 

Zoramena Altxor Letrekin

Ezohiko irudiak utzi dizkigu aurreztaileen errentagarritasun grinak: ilarak Espainiako Bankuko bulegoen aurrean Altxor Letren enkantean parte hartzeko. Estatuen finantzaketa tresna nagusia dira Altxor Letrak, Estatuaren Bono eta Obligazioekin batera. Etengabe ari da estatua letra, bono eta obligazioen enkanteak egiten, aurreko jaulkipenak muga eguneratu ahala finantzaketa berria eskuratzeko.

Letrak 18 hilabete bitarteko produktuak dira, eta jaulkipen bakoitzaren errentagarritasuna enkante baten bitartez ezartzen da. Hala inbertitzaileek letrengatik lortu nahi duten errentagarritasuna adierazten dute eta enkante bidez esleitzen dira. Jaulkipenak lehen mailako merkatuan egiten dira, eta inbertitzaileek badakite zein den lortuko duten errentagarritasuna, letrak mugaegunera arte mantentzen badituzte.

Letrak 18 hilabete bitarteko produktuak dira eta jaulkipen bakoitzaren errentagarritasuna enkante baten bitartez ezartzen da

Edonork parte hartu dezake letren enkantean, baina ohikoena da inbertitzaile handiak izatea (inbertsio funtsak, finantza erakundeak...). Egoerak, baina, norbanakoen interesa piztu du. Inflazio altuaren aurrean arriskurik gabeko errentagarritasuna lortu nahi dute aurreztaileek eta badakite, bankuetan ez bezala, letrekin estatuaren bermea duen errentagarritasuna lortuko dutela. 2023ko urtarrilean norbanakoek egindako eskaria 2022 osoan egindakoa baino handiagoa izan da. Interes horren erakusle izan dira Espainiako Bankuko bulegoen aurreko ilarak eta webguneak gainezka egitea. Hala ere, norbanakoena esleipen osoaren % 2 baino ez da izan.

Estatuaren Zor Publikoaren enkanteen egutegia publikoa da, eta edonork aurkeztu dezake bere eskaintza. Hiru bide dira: balore agentzia baten bidez, on-line (ziurtagiri digitala erabiliz) eta Espainiako Bankuko bulegoetan. Asteartean (otsailaren 7an) izan da azken enkantea, sei hilabete eta urtebeterako letrena. Aurreko enkantean baino etekin baxuagoa lortu zuten inbertitzaileek, % 2,813 batez beste urtebeterako letretan. Hurrengo asteartean, otsailaren 14an ebatziko da hurrengo enkantea, 3 eta 9 hilabeteko letrena, eta eskaintzak aurkezteko epea 13an bukatuko da.

2023ko urtarrilean norbanakoek egindako eskaria 2022 osoan egindakoa baino handiagoa izan da. Interes horren erakusle izan dira Espainiako Bankuko bulegoen aurreko ilarak eta webguneak gainezka egitea

Letretan inbertitu nahi dutenek badute beste alternatiba bat, zeharka inbertitzea inbertsio funtsen bidez. Finantza erakunde nagusiek letrak erosi dituzte, eta horietan inbertitzen duten inbertsio funtsak sortu dituzte. Bezeroak funts horietan inbertitu eta mugaegunera arte ez badute dirua ateratzen, badakite lortuko duten errentagarritasuna. Etekina, ordea, ez da zuzenean inbertitzean bezain altua, finantza erakundeek gordailu eta kudeaketa komisioak kobratzen dutelako, baina bezeroentzat erosoagoa da. Laboral Kutxa eta Kutxabankek badituzte letretan inbertitzen duten Horizonte izeneko inbertsio funtsak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK