Euskal Autonomia Erkidegoan Gizarte Segurantzan 57.681 enpresa zeuden erregistratuta 2026ko irailean, Confebasken azken buletinaren arabera. Iazko hilabete berarekin alderatuta, 456 enpresa gehiago dira, hau da, %0,8ko hazkundea izan da. Haatik, 2021eko abendutik izandako urte arteko igoerarik handiena izan da irailekoa.
Hala ere, enpresa kopuruak ez du oraindik 2020ko otsaileko maila berreskuratu. Pandemia hasi aurreko datuekin alderatuta, 1.212 enpresa gutxiago daude EAEn; %2,1eko jaitsiera suposatzen du datu horrek. Are gehiago, garai hartan galdutako enpresen %42 baino ez dira berreskuratu. Lurraldeka, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du enpresa kopuruak azken urtean; Araban, aldiz, behera.
Autonomoen kopurua ere hazi egin da irailean: 536 lagun gehiago zenbatu dira, hots, guztira 166.564. Iraileko hilabete baterako 2018tik izandako emaitzarik altuena da. Urte arteko hazkundea, kasu honetan ere, %0,8koa izan da, eta horrekin bost hilabetez jarraian handitu da autonomoen kopurua aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.
Hartzekodunen konkurtso kopuruari dagokionez, 159 enpresak jo zuten prozedura horretara 2026ko lehen seihilekoan, 2025eko aldi berean adina. Sektoreka, industrian %2,7 murriztu zen hartzekodunen konkurtsoa eskatu zuten konpainien kopurua, 36 enpresarekin; zerbitzuetan, 101 enpresa izan ziren, iazko kopuru bera; eta eraikuntzan, aldiz, %16,7 igo ziren, 21 enpresara iritsita, aurreko urtean baino hiru gehiago.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta