Asteburuan AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako erasoek, gutxienez, 555 hildako utzi dituzte larunbatetik gaur arte. Gatazkak ez du barealdi zantzurik erakusten, eta ondorioak ez dira soilik militarrak izan: nazioarteko ekonomian eta merkatuetan berehala sumatu dira eraginak.
Tentsioak bereziki eragin du Ormuzko itsasartean, munduko petrolio eta gas horniduraren %20 igarotzen den gune estrategikoan. Gutxienez lau eraso izan dira petrolio-ontzien aurka, eta segurtasuna bermatzeko itsas trafikoa etetea erabaki dute konpainia handienek. Maersk eta Mediterranean Shipping Company enpresek, esaterako, inguruan jarduteari utzi diote, eta merkatu globaletan ezegonkortasuna aipagarria izan da.
Energia prezioek goranzko bidea hartu dute. Europan gasaren kostua %25 garestitu da, eta Brent petrolio upela %8 baino gehiago igo da, gaur 77 dolarrean salerosten delarik; abenduan, aldiz, 60 dolarrean zegoen upela. Petrolioaren garestitzeak gasolina prezioetan igoera ekar dezake datozen egunetan. Zehazki, Brent upelaren prezioa %8,5 igo da gaur goizeko zortziak aldera, hau da, 79,05 dolarreraino, eta West Texas Intermediate (WTI) (erreferentzia Estatu Batuetan) %8 igo da, 72,38 dolarreraino.
Hala ere, Commerzbankeko analistek adierazi dute litekeena dela udan prezioak berriz jaisten hastea, merkatuak uste baitu AEBetako presidenteak ez duela interesik petrolioa garesti mantentzeko eta Ormuzko itsasartea irekita mantenduko duela. Gatazkak aire trafikoan ere izan du eragina: Doha, Dubai eta Abu Shabiko aireportuetan 3.000 hegaldi baino gehiago bertan behera geratu dira jada.
Egoera horren aurrean, Imanol Pradales lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak beharrezko neurriak hartuko dituela gerrak EAEko ekonomian eta enpresetan izan ditzakeen ondorioei aurre egiteko.