Borondatezko zerga betearazpena indartzea eta iruzur fiskalaren aurka borrokatzea. Horiek dira, ogasunari lotuta, administrazio publikoek jardun beharreko ardatz estrategikoak, hain zuzen ere, horiek ahalbidetzen baitute zerga sistema justu eta orekatua ezartzea. Hala azaldu dute ‘Kontzientzia Fiskala Euskadin: zerga betearazpena indartzeko estrategiak’ izeneko mahai-inguruan, Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegiak eta Ad Concordiamek elkarlanean Bilbon antolatu duten XI. Ituna jardunaldiaren baitan. Instituzioetako ordezkari teknikoek, zerga betearazpena indartzeko ezarritako estrategia berriak partekatu dituzte bertan, eta hobetzeko aukerei buruzko hausnarketa ere egin dute. Dena, iruzur fiskalaren amaierari begira.
Zein da Euskal Autonomia Erkidegoan ospitaleratzearen kostu erreala? Eta semaforo berri bat ezartzearena? Batezbeste 4.500 euroko kostua izan ohi du lehenak, eta 4.000 eurokoa bigarrenak. Antzeko adibideak erabili ditu Joseba Garmendia Bizkaiko Foru Ogasuneko Ikuskapen Koordinazioko zerbitzu buruak zergen garrantzia justifikatzeko. “Sortu dugun ongizate estatua ongi dago, baina denon artean ordaindu behar ditugu zerbitzuak. Horregatik beharrezkoak dira zergak”, adierazi du. Eta, hain justu ere, behar horri lotuta, ogasunen zereginetako bat da zerga horiek ordaintzeari uko egiten dietenak aurkitu eta iruzur fiskalarekin amaitzea.
Joseba Garmendia: “Sortu dugun ongizate estatua ongi dago, baina denon artean ordaindu behar ditugu zerbitzuak. Horregatik beharrezkoak dira zergak”
Garmendiaren arabera, iruzur fiskalaren zenbait modalitate zehaztu dituzte euskal ogasunetan: “B kontabilitatea da iruzur egiteko moduetako bat. Enpresa edo erakunde batzuek ezkutuko software bat izaten dute kontabilitatean, ezkutatzea komeni zaizkien kontuak gordetzeko. Hala, dagozkien zergak ordaintzea saihesten dute”. Software txar hori ekiditeko sortu dute ‘Batuz’ izeneko programa, eta 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera beharrezkoa izango da programa hori izatea.
Halaber, gastuak puztuta, enpresarien gastu pertsonalak enpresetako gastu bezala jarrita, edota faktura faltsuak eginda ere iruzur egiten dela dio Garmendiak. Baina, iruzur egitea gero eta zailagoa dela ere ohartarazi du: “Gero eta informazio gehiago dugu ogasunetan, lehen ez genuen informazioa ere jaso egiten dugulako orain, esaterako, atzerriko kontuen inguruko informazioa ere pixkanaka iristen ari da. Nazioarte mailan ere elkarbanatzen hasi gara informazio hori”.
“Gero eta informazio gehiago dugu ogasunetan, lehen ez genuen informazioa ere jaso egiten dugulako orain”
Zergak ordaintzen ez badira, azkenean guztiongan eragin negatiboa izaten duela argituz, zergen inguruko informazioa eta heziketa beharrezkoak direla uste du Ikuskapen Koordinazioko zerbitzu buruak, “zenbat eta gehiago jakin, are hobeto ulertzen delako zergen beharra”.
Zerga betearazpenari bidea erraztuz
“Gertutasun handiagoa erakusten dute Udaletako zerga ordainketek”. Hala uste du, behintzat, Olga Barrio Bilboko Udaleko Zerga Kudeaketako zuzendariak. Izan ere, zerga ezberdinak daude Udaletan, tartean Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga, eta tasa ezberdinak. Barriok azaldu duenez, Udalen aurrekontuan ere berebiziko garrantzia dute zergek eta tasek, eta baita isunek ere. “Kuota oso txikiak izaten dira, baina asko ere bai, eta horiek kudeatu egin behar izaten dira”.
Olga Barrio: “Ordainketa zatikatzen duen sistema bat da, ordaindu behar duenaren gustura egina, eta hilero, bi hilero, hiru hilero, sei hilero edo urtero ordaintzeko aukera eskaintzen du, interesik gabe”
Halaxe sortu zen nahieran ordainketa, zergen ordainketa errazago egiteko helburuarekin. Baina, nola funtzionatzen du? “Ordainketa zatikatzen duen sistema bat da, ordaindu behar duenaren gustura egina, eta hilero, bi hilero, hiru hilero, sei hilero edo urtero ordaintzeko aukera eskaintzen du, interesik gabe” dio Bilboko Zerga Kudeaketako zuzendariak. Harrera ona izan duen sistema da, bilbotarren %70ak erabiltzen baitu dagozkion zergak edota tasak ordaintzeko. Horrekin batera, aplikazio bat ere sortu dute Udalean, ordainketen inguruko informazio oro eskaintzeaz gain, ordainketak Bizum bidez egiteko aukera ere eskaintzen duena.
Zergen hezkuntza programa
Askotan ezezagunak edo arrotzak egiten zaizkigu ogasunari lotutako zenbait eginbehar. Hori dela eta, gizalegezko eta zergei lotutako hezkuntza programa bateratua sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru ogasunek 2017-2018 ikasturtean, oraindik ere indarrean dagoena. Jose Ramon Martinez Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Zerga Koordinazio eta Lankidetza Zerbitzuko buruak jardunaldian azaldu duenez, programak ikasleei zerga kontzientzia gaztetatik indartzea du helburu: “Funts publikoen erabilerari buruzko ezagutza sustatu ahala, ikasleak zerga iruzurrak eragiten dituen bidegabekerien eta ondorio kaltegarrien gainean kontzientziatu nahi dira. Izan ere, programan berariaz azaltzen zaie zein zerbitzu ematen diren herritarren ekarpenekin eta horiek nola laguntzen duten inguru solidarioago eta orekatuagoa lortzen”.
Jose Ramon Martinez: “Ikasleak zerga iruzurrak eragiten dituen bidegabekerien eta ondorio kaltegarrien gainean kontzientziatu nahi dira”
Martinezen arabera, hezkuntza programa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako, erdi-mailako heziketako, eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago, ikastetxe bakoitzaren hautuaren arabera. “Hala, ikasleak kontzientziatuta egongo dira zergak ordaintzeko garaia iristen zaienerako”.