Itsaso Gorritik Diputatuen Kongresura: ziurgabetasunaz jositako astea

Merkealdia ofizialki hasi den astean informazio ekonomikoak lau ardatz nagusi izan ditu. Kongresuak "in extremis" onartu ditu krisiaren kontrako neurriak, baina langabeziaren ingurukoak atzera bota ditu, Itsaso Gorriko gerra hotsak itsas-garraioa garestitu du, eta burtsa-merkatuetan Gotham Cityk 20 milioi irabazi ditu egun batean Grifols enpresaren kontrako eraso espekulatibo bati esker

Muntaia: EnpresaBIDEA Muntaia: EnpresaBIDEA

Kontsumoak eutsiko al dio?

Gabonetako ospakizunak atzean utzita astea beste ohitura batekin hasi dugu, merkealdia. Gustuko produktuetan pagotxak topatzeko garaia ziren beherapenen egunak, eta oso ohikoa zen saltoki esanguratsuenen aurrean bezeroen ilarak ikustea, ateak noiz irekiko zain. Gaur egun, ordea, gauzak nabarmen aldatu dira. Ipar Euskal Herrian merkealdia legez araututa dago eta errepublikako gobernuak ezartzen ditu datak. Hala, aurten asteazkenean hasi da merkealdia, urtarrilak 10, eta otsailaren 6ra arte luzatuko dira. Hego Euskal Herriari dagokionez, 2012an estatuak beherapenen sasoiak liberalizatu zituen. Lehen saltokiek soililk bi merkealdi egin ahal bazuten ere, negukoa zein udakoa, egun askatasun osoa dute nahi dutenean egiteko. Merkatari txikiek, oro har, oraindik beherapenen data historikoei eusten diete, baina kate handietan denetarik ikusi dugu. Inditex taldeak oraindik errege egunean abiatu zuen merkealdiari baina bestelako kate batzuk, Mango, Cortefiel, El Corte Ingles, besteak beste, gabonetan ekin zioten produktuetan beherapenak eskaintzeari.

2024ko merkealdia kontsumoaren osasuna neurtzeko oso tresna egokia izan daiteke, baina datuek kontsumoaren moteltzea argi erakusten dute. Zerbitzuak izan dira Hego Euskal Herriko ekonomiaren zutabeetako bat 2023an. Abenduan sortutako enpleguaren % 80, esaterako, zerbitzuen alorrak sortu ditu. Estatu mailan merkealdirako sortzen den enplegua iazkoa baino % 8 baxuagoa izatea aurreikusten du Randstan enpresak. Datuak, zalantza barik, beherapen sasoi makalagoa aurreratzen du.

Hego Euskal Herriari dagokionez, 2012an estatuak beherapenen sasoiak liberalizatu zituen. Lehen saltokiek soililk bi merkealdi egin ahal bazuten ere, negukoa zein udakoa, egun askatasun osoa dute nahi dutenean egiteko

Pandemian zehar familiek metatutako aurrezkiari 2023an zehar berreskuratutako errenta erabilgarria gehitu behar zaio. Aste honetan ezagutu dugu 2023an negoziatutako lan hitzarmenetan adostutako soldata igoerak, % 5 EAEn eta % 4,1 Nafarroan. Estatu mailan negoziatutako hitzarmenak ez dira aintzat hartu kalkulua egiteko, baina errenta erabilgarriaren berreskuraketa argi azaltzen dute. Inflazioak eta euriborraren gorakadak, baina, gogor kolpatu ditu errenta horiek, kontsumoan isla izanda. 2022an espainiar estatuan kontsumoak % 4,7 egin bazuen gora, iaz % 2 inguru baino ez. Cetelem etxearen kalkuluen arabera, Gabonetako batez besteko gastuak % 14 egin du behera aurreko datuekin alderatuta.

Kontsumo datuek, hortaz, beheranzko joera erakusten dute, eta aurreikuspenak ere ez dira onak. Ikerketa baten arabera EAEko biztanleek onartzen dute duela urtebete baino diru gutxiago dutela oinarrizko gastuei aurre egiteko. Gauzak horrela biztanleen erdiak aitortu dute oporretarako aurrekontua murriztu beharko dutela. Kontsumoa ekonomiaren hazkundearen zutabe nagusietakoa izanda, galdera da Europak izago duen portaera. Luis de Guindos EBZko presidenteordeak aste honetan Europa atzeraldirako bidean dagoela esan du. Hego Euskal Herriko datuak hobeak dira, baina gurean eragina izango du.

Krisiaren kontrako neurriak, “ in extremis”

Aktualitate ekonomikoak asteazkenean izan zuen hitzordu nagusia, Madrilen. Espainiako Gobernuak abenduan onartutako hiru lege dekretu berrretsi behar zituen Diputatuen Kongresuak, eta ikusteko zegoen Pedro Sanchezen gobernuak babes nahikorik lortuko zuen. Harimutur asko zituzten mahai gainean zeuden dekretuek. Alde batetik, izaera ezberdinetako legeak eta arauak biltzen dituen “omnibus” dekretua, bestetik, krisiaren kontrako neurrien dekretua eta, azkenik, langabezi laguntzen dekretua. Sanchez presidente egin zuten alderdi guztien babesa behar zuen gobernuak, eta Junts eta Podemos alderdien babesa erabat lotu gabe zuen. Talde katalanaren babesa azken unean lortu zuten, trukean hainbat neurri adostuz, besteak beste, olioaren BEZa %0ra murriztearena (% 5ean dago gaur egun). Podemosekin, ordea, ez dute akordiorik lortu eta Ione Belarraren taldeak PP, VOX eta UPNrekin batera bozkatu du langabeziarako laguntzak, besteak beste, onartzen dituen dekretuaren kontra.

Akordioak akordio eta desadostasunak desadostasun, hauek dira asteazkeneko bozkaketak uzten dizkigun neurri ekonomi esanguratsuenak: Garraio publikoaren % 50eko deskontuak mantenduko dira, pentsio orokorrak % 3,8 igoko dira (gutxienekoak eta kotizatu gabekoak, aldiz, % 5 eta  %7 artean), bizitzeko gutxieneko sarrera % 6,9 igoko da (kudeaketa erkidegoen esku utzita), etxegabetxeen inguruko neurriak, kontsumitzaile zaurgarrienentzako laguntzak, etxeen berotzea eta argindarraren eta gasaren zergak apurka apurka aurreko tasara igoko dira.

Asteazkeneko porrota Yolanda Diazentzat izan zen. Podemosekiko harremanak izugarri gaiztotu ziren hauteskundeak eta gero, eta hainbaten ustez mendekua izan da Belarraren taldeak langabeziarako laguntzen dekretua babestu ez izana

Dekretuak oinarrizko elikagaien BEZaren jaitsiera uztailera arte mantenduko du, ezinbestekoak (esnea, ogia, arrautzak... % 0an utziz) eta pasta eta olioarena % 5ean (litekeena da azken hau % 0ra jaistea Juntsekin adostu bezala). Asteazkeneko porrota Yolanda Diazentzat izan zen. Podemosekiko harremanak izugarri gaiztotu ziren hauteskundeak eta gero, eta hainbaten ustez mendekua izan da Belarraren taldeak langabeziarako laguntzen dekretua babestu ez izana. Diazek kostata lortu zuen lege dekretua gobernu barruan ateratzea, Nadia Calviño aurreko ekonomia arduraduna aurka zegoelako. Langabezia kobratzeko eskubiderik ez dutenentzako laguntza malguago eskuratzea eta hilero 90 eurotan igotzea lortu zuen Diazek. Dekretuak, gainera, erkidego autonomoen mailako lan hitzarmenak estatu mailakoei gailentzea ere onartzen zuen, EAJrekin adostuta. Asteazkeneko porrotak, hortaz, Sumar eta Podemosen arteko harremana are gehiago okertzeaz gain (ikusteko dago oraindik udaberriko Eusko Legebiltzarrerako hauteskudeetarako bi alderdiek hautagaitza bateratua izango duten), Hego Euskal Herriko langileak (eta langabetuak ere bai) kaltetuko ditu. Bada, gainera, dekretua berretsi ez izanak duen beste albo kalte bat, Europatik etorri behar ziren 10.000 milioiko funtsak bertan behera gelditzearen arriskua.

Itsas garraioak gorriak ikusi, Itsaso Gorrian

Aste honek munduko mailako merkataritzaren arrakalak azaleratu ditu berriro ere. Globalizazioaren oinarri nagusietako bat dira nazioarteko hornidura kateak. Biltegiratzeko kostuak aurrezteko stockik gabeko kudeaketa daramate enpresa handiek, eta nazioarteko garraio sistemaren engranajean sartzen den edozein alek makineria geldiarazten du. Horrela ikusi genuen 2021eko uztailean Ever Guven ontziak Suezko kanala blokeatu zuenean, eta oraingoan ere agerian gelditu da Bab-el-Mandeben itsasartea eta Suezko kanala lotzen duen Itsaso Gorriaren gatazkan. 30 kilometroko zabelera du itsasarteak eta matxino huthiek duela hiru aste ekin zioten Israel edo AEBrekin lotura duten itsasontziei eraso egiteari.

Mundu osoko merkataritzaren % 10tik gora bertatik igarotzen da,  garraiatutako petrolioaren % 12, gasaren % 8 eta edukiontzien % 30. Txinatik datorren itsasontzi batek, esaterako, 25 egun inguru beharko lituzke euskal kostaldera heltzeko Itsas Gorriko bidea erabilita. Hainbat garraio konpainiek uko egin diote bide hori erabiltzear,i eta Esperantza Oneko lurmutarraren sahiesbidea erabiltzen hasi dira. 15 egun inguru suposatzen ditu bide onek, eta horrek garraio kostuak dexente garestitu ditu, Txinatik material ugari ekartzen duen enpresa batek EnpresaBIDEAri azaldu bezala, kostuak 2.500 eurotik 7.000ra igo zaizkio. Garraio kostuak neurtzen dituzten indize gehienek antzerako igoeren berri ematen dute, eta ikusteko dago kostuen garestitze horrek nola eragingo dion inflazioari. Logistikaren katean barrena erasandako da igoera eta, gauzak konpondu ezean, hurrengo hilabeteetan igerriko dute kontsumitzaileek.

Munduko ekonomiaren moteltzeak petrolioaren eskaria ahuldu du, eta horrek prezioak merketzea ekarri du. Horregatik ez da espero, epe laburrean behintzat, Itsaso Gorriko egoerak erregaien prezioak asko garestitzea

Ez dago hornidura katea eteteko arriskurik, baina garraioa luzatzeak hornidura gabe utzi ditu hainbat euskal enpresa. Gasteizko Michelin lantegian, esaterako, ekoizpen prozesuak atzeratu behar izan dituzte, kautxuaren hornidura faltagatik. Bazegoen zalantza gatazkak petrolioan eta gasaren prezioan eragingo ote zuen. Abenduaren erdialdean, lehen erasoak izan zirenean, gora egin zuen petrolioak, baina prezioak egonkortu egin dira. Munduko ekonomiaren moteltzeak petrolioaren eskaria ahuldu du, eta horrek prezioak merketzea ekarri du. Horregatik ez da espero, epe laburrean behintzat, Itsaso Gorriko egoerak erregaien prezioak asko garestitzea. Tentsio geopolitikoa, baina, oso handia da. Iranek bere armada indartu du, eta AEBk dagoeneko lehen erasoak burutu ditu. Ekialde Hurbileko gatazkak sua piztu lezake Bab-el-Mandebeko itsasartean. Israelek Gazari eragindako genozidioaren aurkako neurria dela diote huthiek, baina adituek gatazka Ekialde Hurbil osora zabaltzeko arriskuaz behin eta berriro ohartarazi dute. Hasi berri dugun urtea balditzatuko duen gakoetako bat izango da, ezbairik gabe.

Gotham Cityren erasoa

Batmanen hiriaz ari garela eman lezake, baina ez. Aste honetako albiste nagusiaz ari gara, burtsa merkatuei dagokionez, behintzat. Osasun alorreko Grifols konpainia katalanaren akzioek % 42 egin zuten behera Gotham City Researchek zorra ezkutatzea eta iruzurra egitea leporatu eta gero. Merkatuak ixtean enpresa katalanaren akzioek galerak lausotzea lortu zuten. Egun batean %26 jaitsi ziren. "Iruzurraren aurkako borrokalaritzat" jotzen du bere burua Gothamek, superheroi bat bailitzan. Burtsan kotizatutako enpresei buruzko ikerketak egiten ditu Daniel Yu estatubatuetarrak 2012an eratutako konpainiak. Yuk diru mordoa galdu omen zuen iruzurra egiten zuen enpresa batean inbertitzeagatik, eta horregatik Gotham City sortu zuen, iruzurra egiten duten enpresa gaizkileen aurka egiteko.

Superheroien pelikula baten gidoia eman lezake, baina istorioak badu bere alde iluna. Gothamek estaldura-funts gisa ere jarduten du, eta auzitan jartzen dituen konpainien beherakadarekin dirua irabaz dezake. Hori da, hain zuzen ere, Grifols enpresa katalanarekin gertatu dena. Gothamek “modus operandi” bera erabiltzen du egiten dituen eraso guztietan. Ez da ikertutako enpresarekin harremanetan jartzen eta bere inguruko txostena merkatua itxi eta gero zabaltzen du. Gothamek badu General Industrial Partners izeneko funtsa, aztertutako enpresen kontrako erasoa egiten dutenez “beheranzko posizioen” bidez. Enpresaren akzioak saltzen ditu, eta behin akzioek behera egin dutela, akzioak berriro erosten ditu, sekulako mozkinak lortuz. Grifolsen kasuan 20 milioi euro irabazi zituen egun batean teknika honen bitartez. Merkatua manipulatzeko zantzuak egon daitezke jokabide honetan, eta Grifolsek auzitegietara jo du.

Osasun alorreko Grifols konpainia katalanaren akzioek % 42 egin zuten behera Gotham City Researchek zorra ezkutatzea eta iruzurra egitea leporatu eta gero

Espainiako burtsa merkatuan kotizatutako enpresa da Grifols, eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren arauak betetzen ditu. Gothamek leporatu diona zorra behar bezala ez aitortzea da. Egia da Grifolsek hainbat erosketa egin dituela azken urteotan, batez ere AEBko enpresak erosita, eta baliteke kontableki irizpide “malguegiak “ erabiltzea. Zor handia du konpainiak eta azken urteotako interes-tasen igoerak bere burtsa balorazioa kaltetu du. Halere, Gothamen portaerari espekulazio kiratsa argi dario. 2014an Espainiako Gowex konpainiaren inguruko txostena kaleratuko zuen, bere porrota eraginez. Kasu horretan Gowex iruzurra zela argitu zuen Gothamek. Ez dago batere argi, ordea, Grifolsen kasuan hala izan denik. KPMG auditoretza enpresak bere kontuak ikuskatu ditu azken urteotan, kontuak ontzat emanda. Rodrigo Buenaventura BMBNko buruak egun berean adierazi zuen egoera ikertuko zuela, eta Ekonomia ministro berriak, Carlos Cuerpok, “prudentzia” eskatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK