• EKONOMIA
  • Itsulapikoa: Euskal Herriko 'crowfunding' plataforma bakarra, tokikoa eta euskaraz

Itsulapikoa: Euskal Herriko 'crowfunding' plataforma bakarra, tokikoa eta euskaraz

Itsulapikoa plataformak erakusleiho izan nahi du Euskal Herriko orotariko proiektu sozial, kultural eta herri-ekimenentzat. Komunitatearen indarra ekonomia sozialaren zerbitzura jarri du

Maitane Arzalluz Itsulapikoa egitasmoaren kudeatzailea da |Argazkia: utzita
Maitane Arzalluz Itsulapikoa egitasmoaren kudeatzailea da |Argazkia: utzita
leire martinez
Kazetaria
2026ko ekainaren 23a - 05:30

Finantzaketa lortzea gero eta erronka handiagoa da kultura, gizarte eta ekintzailetza proiektu aunitzentzat. Banku-maileguak lortzea zaila da sarritan, dirulaguntzak mugatuak dira eta proiektu txikiek ez dute beti merkatu handirik gibelean. Horren aitzinean, crowdfundinga edo finantzaketa kolektiboa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den finantzaketa bidea da. Euskal Herrian, ordea, badu berezitasun bat: Itsulapikoa da gaur egun tokiko errealitateari lotutako eta euskaraz lan egiten duen crowdfunding plataforma bakarra.

 

Duela hamar urte inguru sortu zuten hiru nafarrek, euskarazko komunitateak berezko tresna baten beharra zuela ikusita. Garai hartan nazioarteko plataformak bazeuden, baina Euskal Herriko proiektu txikiek ez zuten beren hizkuntza, kultura eta komunitatearen logikara egokitutako espaziorik aurkitzen. 

Maitane Arzalluzek, gaur egun Itsulapikoko kudeatzaile denak, argi azaldu digu sorrera haren arrazoia: "Hutsune bat ikusten zen. Hemengo proiektu sozialek, kulturalek eta herri-ekimenek beste erakusleiho eta saretze aukera bat behar zuten". 

 

Dirua tokiko proiektuetara iristen da, baina baita ikusgarritasuna, komunitatea eta etorkizuneko babes-sarea ere

Gaur egun, Itsulapikoa Donostiako Egia auzoan kokatutako Teila Fabrikaren komunitateko proiektuetako bat da. Ekonomia sozial eraldatzailea, kultura eta herri-ekimenak biltzen dituen espazio horretatik eskaintzen die plataformak laguntza eta bide-laguntza Euskal Herriko proiektu sozial, kultural eta ekonomiko aunitzi.

Dirua baino gehiago

Crowdfundinga aunitzetan finantzaketa tresna hutsa balitz bezala ulertzen da, baina Itsulapikoan ikuspegia zabalagoa da. Arzalluzen hitzetan, "politena da ekarpena egiten duen jendea proiektuaren parte bihurtzen dela". 

Izan ere, plataforma honetan egiten den ekarpen ekonomiko bakoitzak komunitate bat sortzen du. Proiektua babesten duen pertsona ez da bezero soil bat; sustatzailearen sarearen parte bihurtzen da. Horregatik, kanpaina gehienetan ekarpenaren truke ordainsari edo opari txikiak eskaintzen dira: diskoak, liburuak, kamisetak edo bestelako produktu bereziak. 

Ekonomia sozialaren ikuspegitik, hori da plataformaren balio handienetako bat. Dirua tokiko proiektuetara iristen da, baina baita ikusgarritasuna, komunitatea eta etorkizuneko babes-sarea ere.

Euskal Herriko ekonomian eragin zuzena

Itsulapikoatik pasatu diren proiektuak askotarikoak izan dira: musika taldeak, dokumentalak, kultur elkarteak, argitalpenak edo izaera sozialeko ekimenak. Azkenaldian, adibidez, Suger taldearen finantzaketa kanpaina amaitu da arrakastaz, eta Tokikultur elkarteak 6.048 euro lortu ditu bere egitasmoa garatzeko. 

Kopuru horiek ez dira milioika euroko inbertsioak, baina eragin ekonomiko potoloa dute. Kultur talde batek diskoa grabatzen duenean, estudioak kontratatzen ditu; dokumental batek ikus-entzunezko profesionalak behar ditu; elkarte batek jarduerak antolatzen dituenean tokiko hornitzaileekin lan egiten du. Horrek guztiak ekonomia zirkular bat sortzen du.

Suger taldearen finantzaketa kanpaina amaitu da arrakastaz, eta Tokikultur elkarteak 6.048 euro lortu ditu bere egitasmoa garatzeko

Arzalluzen arabera, Itsulapikoaren bidez bultzatzen diren proiektuek "zuzeneko eragina dute euskal gizartean eta tokiko ekonomian". 

Gainera, plataformak finantza-bitartekaritza tradizionalaren logikatik aldentzen du proiektuaren sustatzailea. Herritarrek beraiek erabakitzen dute zer proiektu lagundu nahi duten, eta dirua zuzenean iristen da sustatzaileengana.

Komunikazioa, arrakastaren giltza

Hala ere, crowdfundingak ez du automatikoki funtzionatzen. Arzalluzek argi dauka kanpaina baten arrakasta ez dela ideiaren kalitatearen araberakoa soilik. "Komunikazio lana da giltzarria", dio. 

Itsulapikoak aholkularitza eta bide-laguntza eskaintzen dizkie sustatzaileei kanpainaren aitzinetik eta bitartean

Horregatik, Itsulapikoak ez du plataforma teknologiko hutsa izan nahi. Sustatzaileei aholkularitza eta bide-laguntza eskaintzen dizkie kanpainaren aitzinetik eta bitartean. Komunikazio estrategia definitzen laguntzen dute, sare sozialak nola erabili azaldu eta lehendabiziko babesleen sarea identifikatzen dute.

"Tipula baten moduan da. Lehenik zure gertuko jendea dago, eta gero zabaltzen joan behar da", azaldu du.  Normalean kanpainek 28 eguneko iraupena dute, eta denbora horretan komunikazioak markatzen du emaitza. 

Euskararen balio ekonomikoa

Itsulapikoaren giltzarria, ordea, euskara da. Merkatuaren ikuspegitik, euskarazko komunitatea txikia izan daiteke, baina baita leialagoa ere. "Publikoa txikiagoa da, baina fidelagoa. Hurbiltasunagatik eta identifikazioagatik", erran digu Arzalluzek. 

Horrek ere agerian uzten du euskarak eta hurbiltasunak balio ekonomikoa dutela. Gero eta gehiago solas egiten da kontsumo arduratsuaz, tokiko ekonomiaren sustapenaz eta komunitateari lotutako erosketa ereduez. Itsulapikoak gisa horretan funtzionatzen du: jendeak ez du soilik produktu bat erosten, proiektu baten, hizkuntza baten eta komunitate baten alde egiten du apustu.

Erronka nagusia komunikatiboa da: euskal gizarteak gehiago ezagutzea eta gero eta proiektu gehiagok erabiltzea

Horregatik, crowdfunding kanpaina bateko ekarpena ekonomikoa bezain soziala eta kulturala da.

Etorkizun handiko tresna

Hamarkada bateko ibilbidearen ondoren, Itsulapikoak oraindik ere hazteko aukera handiak ditu. Arzalluzen iritziz, plataformak "izugarrizko potentziala" dauka. Erronka nagusia ez da teknologikoa, komunikatiboa baizik: euskal gizarteak gehiago ezagutzea eta gero eta proiektu gehiagok erabiltzea. 

Izan ere, garai batean finantzaketa kolektiboa berrikuntza bat bazen, gaur egun ekonomia sozialaren eta tokiko garapenaren tresna estrategikoa bihurtzen ari da. Itsulapikoaren indargune nagusia ere horixe da: Euskal Herriko proiektuei beren hizkuntzan, beren komunitatearekin eta beren balioekin finantzatzeko aukera eskaintzen diela.

Hortaz, hamar urte geroago ere, herritarren ekarpen txikiak elkartuz, Euskal Herriko proiektu sozial, kultural eta komunitarioei bultzada ematen jarraitzen du Itsulapikoak.