• EKONOMIA
  • Itzalaldia, trantsizio energetikoa eta energia eredua

Itzalaldia, trantsizio energetikoa eta energia eredua

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
maite reizabal arregui
EnpresaBIDEAko zuzendaria
2025eko apirilaren 30a
Eg. 2025eko apirilaren 30a

Badirudi itzalaldiaren ordu kritikoenak igarota, arrazoiei buruzko eztabaidaren hotsak geroz eta ozenagoak direla. Meteorologia arrazoiei egotzi diote batzuek, zibereraso bati beste batzuek, eta atzotik geroz eta pisu gehiago hartu dute energia berriztagarrien —fotovoltaikoaren— gainkarga batek sortu zuela dioten ahotsek. Gaurko sistema erregai fosilentzat prestatua dagoela argudiatu dutenak dira, eta energia berriztagarrien aldeko apustua egingo bada, biltegiratzeko sistemak indartzeko beharraz solastu direnak, gaur bertan Berrian edota El Correon argitaraturiko elkarrizketetan jasotzen denez. Red Eléctricatik, baina, informazio hori ukatu egin dute. Beatriz Corredor Redeiaren presidenteak Cadena Ser irratian emandako elkarrizketa baten azaldu du teknologia horiek "modu egonkorrean" funtzionatzen dutela, eta sistema konbentzionaletan aritzeko tresnak dituztela segurtasun arazoak izan gabe.

 

Gaur bertan Ibex35eko enpresa nagusien emaitzen aurkezpen eguna izan da, eta horiei loturik agerraldia egin dute Ignacio Sanchez Galán Iberdrolako presidenteak eta Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak, norbere enpresaren egoitzetan. Biek ala biek, gertatutakoaren azalpenak Red Eléctricak eman beharko dituela esan dute, espekulazioetan sartzea ekidinez. Hala ere, egungo sistemak noruntz jo dezakeen pista batzuk utzi dituela interpretatu liteke beren hitzetan.

Sanchez Galánek energia nuklearra jo du egonkortasun horrentzat oinarrizko, "soluzio merkeena baita". PwCk berriki argitaraturiko txosten bati egin dio erreferentzia hori argudiatzeko eta Espainiako zentral nuklearrak "efizienteak eta seguruak" direla defendatu du. Horren alde apustu egiten ari diren zenbait herrialde aipatu ditu, besteak beste, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, AEB edota Txina. Esan behar da Galanen defentsa ez dela soilik nuklearren aldekoa, energia berriztagarriei tokia egiten ari baitzaie Ibedrola, eta gaur aurkezturiko emaitzetan jasotzen denez 2027rako EBITDAn 1.600 milioi gehiago suposatuko dela aurreikusten dute.

 

Imazek, berriz, energia berriztagarriek Espainiako energiaren ekoizpenean izango duten egitekoa defendatu du, "toki esanguratsua" izango dutela nabarmenduta "legedia edozein dela ere". Aipatzekoa da bestelako agerraldietan nuklearraren aldeko apustua areagotzeko beharra ere nabarmendu izan duela Imazek, gasa atzera utziko bada.

Aipatzekoa da 2021an Europar Batasunak proposatu zuela energia nuklearra —eta gas naturala— energia berdetzat jotzea kontinente zaharreko taxonomian. Hasiera batean neurriak debatea sortuko zuela bazirudien ere, Ukrainako gerraren hasierak bultzada eman zion erabakiari. 2023ko urtarrilaren 1etik energia nuklearrean egiten diren zenbait inbertsio jasangarritzat jotzen dira. Itzalaldia zerk sortu duen jakiteke dagoen honetan trantsizio energetikoa eta energia ereduan nola eragingo duen ere da mahai gainean dagoen beste alderdietako bat. EEEk sistemaren erresilientzian sakontzea defendatzen du, mix energetikotik abiatuta eta sarearen gaitasun egokiarekin.