• EKONOMIA
  • Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 2tik 1era jaitsi dute larrialdi maila

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 2tik 1era jaitsi dute larrialdi maila

Argindarraren hornidura %100ean berreskuratu da Euskal Herrian. Red Electricak zibererasoaren hipotesia baztertu du, baina etenaldiaren zergatiak ez dira argitu oraindik. Europako Batzordeak ikerketa independente bat egingo du

LABIk bigarren bilera egin du gaur eguerdian | Argazkia: Irekia
LABIk bigarren bilera egin du gaur eguerdian | Argazkia: Irekia
Maite Reizabal / Joanes Marquet
2025eko apirilaren 29a
Eg. 2025eko apirilaren 29a

Itzalaldiak izango duen itzala neurtzeko goizegi da seguruenik, nahiz eta 24 ordu baino gehiago igaro diren. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bart 22:50ean egin zuen agerraldian zehaztu zuen energia etenaldia 12:33ean gertatu zela "zero energetiko" deritzon baten ondorioz. Bestela esanda, energia sorreraren eta eskariaren artean sorturiko desorekak eraman zuen Iberiar Penintsulako sare elektrikoa deskonektatzera: sare elektrikotik 15 gigawatt galdu ziren bost segundoan; eskariaren %60 "bat-batean" desagertu zen. "Hori ez da inoiz gertatu". Zergatik gertatu den? "Ez da inolako hipotesirik baztertzen". Bada, gaur goizean egindako agerraldian, Eduardo Prieto Red Electricako zuzendariak ziberesoaren hipotesia baztertu du.

 

Energiaren berreskuratzea atzoko 13:15erako hasi zen berriro ere. Goizeko 7:20rako energiaren %99 berreskuratua zen Iberiar Penintsulan, Red Electricak jakinarazitakoaren arabera. Berreskuratze horretan, EAEren kasuan, 7:00erako %100 berreskuratua zen, atzo gaualdeko 22:00etarako dagoeneko %95 zenean. Horretan gakotzat jo zuen Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak "Frantziako Estatutik energia sartu" izana. Dena den, egoera lehengoratzeko "orduak edo egunak" beharko direla adierazi zuen lehendakariak, atzo arratsaldean LABI Babes Zibileko Planaren kontseiluak eginiko bileraren ostean. LABIk bigarren bilera egin du gaur 13:00etan.

Jaurlaritzaren azken adierazpenak

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak 11:00etan egin du agerraldia. SOS Deiak-ek atzo 12:30etatik 22:00ak arte ia 3.000 dei jaso zituela adierazi du. Hirietan egin beharreko erreskateak eta argindarraren horniketak eragin zituen arazoekin lotutako gertakariak izan ziren horiek. Horniduraren %100 goizaldean berreskuratu dela berretsi du, baina zenbait arazo izaten ari dira auzo batzuetan, telekomunikazioan batez ere, eta horiek konpontzeko lanean ari dira.

 

Maria Ubarretxena Jaurlaritza bozeramaileak ere hitz egin du goizean zehar. Aitortu du atzo garraioan izan zirela zailtasun handienak eta trenbide garraioa dela normaltasunera itzultzeko zailtasuna gehien dituena, trenek martxan jartzeko "energia iturri handia" behar baitute. Erregaia erosiko dutela nabarmendu du bozeramaileak. "Atzo zerbitzu publiko askok badaezpadako hornidura sistemei esker lortu zuten itzalaldiari aurre egitea, besteak beste, osasun zerbitzuek eta larrialdietako telekomunikazio zerbitzuek. Agerian geratu ziren zein garrantzitsuak diren. Horietan zenbat gastatu zen berreikusi, eta horiek berriz hornituko dira".

Maria Ubarretxena: "Atzo zerbitzu publiko askok badaezpadako hornidura sistemei esker lortu zuten itzalaldiari aurre egitea, besteak beste, osasun zerbitzuek eta larrialdietako telekomunikazio zerbitzuek. Agerian geratu ziren zein garrantzitsuak diren"

Argindar sarean nazioarteko konexioak izatearen garrantzia azpimarratu du Ubarretxenak. Atzo energiaren hornidura Frantziako sarearen bidez berreskuratu zen, eta horretan gako izan zen Hernaniko azpiestazioa, zeinak zuzeneko lotura duen Frantziako hornidura sistemarekin. Era berean, gertatutakoaren zergatiei buruz galdetuta, Jaurlaritzak esan du ez duela hipotesirik. Zupiriaren hitzetan, harremanetan dira Espainiako Gobernuarekin eta euren esku dauden informazio iturri guztiak erabiliko dituztela adierazi du, etenaldiaren zergatia argitzeko.

Pradalesek 13:00ak igarota egin du agerraldia hedabideen aurrean, LABIren bilera amaitu ostean. Jaurlaritzak larrialdi egoera lehenengo mailara jaitsi duela jakinarazi du. Zuhurtzia eskatu du lehendakariak, normaltasuna ez baita oraindik erabatekoa, eta lehenik eta behin, atzoko etenaldiaren zergatiak ezagutzea dela garrantzitsuena nabarmendu du, neurriak har daitezen. "Atzokoak erakutsi digu gizarte aurreratua izan arren, zaurgarriak garela", esan du. "Egoera etengabe monitorizatzen aritu gara. Ordu zailak bizi izan ditugu, baina okerragoak izan zitezkeen. Azterketa zorrotz, integral eta garde bat egin behar dugu". Kalte pertsonalik ez dela egon argitu du, baina industrian, elektrointentsiboan batez ere, kalte materialak izan dira.

Nafarroa eta Ipar Euskal Herria

Nafarroari dagokionez, Amparo Lopez foru gobernuko Barne, Funtzio Publiko eta Justizia kontseilariak agerraldia egin zuen atzo arratsaldean, eta mahaigaineratu zuen industriak bi egun beharko dituela egoera normalizatzeko. Gaur goizerako ia hornidura guztia berreskuratua zen, eta gerora Maria Chivite presidenteak baieztatu du goizean zehar %100 berreskuratu dutela etxebizitzetan eta industria sektorean. Telekomunikazioetan, aldiz, arazo gehiago izaten ari dira, Nafarroako erdialdean eta Erriberan, batik bat. Krisi kabinetea amaitu ostean hitz egin du Chivitek eta lasaitasunerako mezua zabaldu du. Lehenbiziko mailara jaitsi du larrialdia. Arratsaldeko 19:00etan hirugarren bilkura egingo du foru gobernuak.

Ipar Euskal Herria ere kolpatu zuen itzalaldiak, baina kasu horretan argindarra gainontzeko lurraldeetan baino azkarrago berreskuratu zen. 

Garraioa eta industria kaltetuen

Gaur goizean, kalte nagusiak garraioan antzeman dira. Bizkaia eta Gipuzkoako aldirietan arazoak izan dira eta apurka-apurka zerbitzu guztiak berreskuratu dira egunean zehar. Euskotren normaltasunez ari da zerbitzua ematen goizetikbaita Metro Bilbao ere. Kontsumobidek ohar bidez azaldu duenez, honako itzalaldia bezalako kasuetan, ez dago hornidura elektrikoa eteteagatiko kalte-ordainerako eskubiderik. Bidaia bertan behera utziz gero, kontsumitzaileek beste bidai bat egiteko eskubidea dute, edo txartelaren prezioa itzultzekoa, bidaia ez bada egingo.

Osakidetzako zerbitzuak normaltasunez funtzionatzen ari dira, eta programatutako ebakuntzak eta kontsultak aurreikusi bezala egiten ari dira gaur, Osasun Saileko iturriek baieztatu dutenez. Atzoko argindarraren eteteak ez zuen Euskal Herriko ospitale nagusietan kalte handirik sortu, talde elektrogenoak baitituzte elektrizitatea bermatzeko. Erietxeak eta osasun zentroak normaltasunez ari direla baieztatu du Zupiriak, baina atzo ebakuntza batzuk atzeratu ziren, eta horiei hitzordu berriak ematen ari zaizkie. Anbulantziak normaltasunez ari dira. Dena den, Osakidetzak kontingentzia plana indarrean du oraindik. Chivitek berretsi du ospitaleak normaltasunez ari direla Nafarroan.

Atzoko argindarraren eteteak ez zuen Euskal Herriko ospitale nagusietan kalte handirik sortu, talde elektrogenoak baitituzte elektrizitatea bermatzeko

Enpresa askotan ere normaltasuna itzultzetik urrun daude oraindik eta industrian izaten ari da inpaktu handiena. Landabengo Volkswagenen kasuan, esaterako, 14:30etan itzuli da argindarra, muntaketako kateko gailuak eguneratu eta ekoizpenari berrekin diete. Gasteizko Mercedesen fabrikan hasi dira pixkanaka ekoizpenari ekiten, baita Petronorren ere. ArcelorMittalek, bestalde, euren ohiko jarduna berreskuratu du Etxebarri, Legutio, Lesaka eta Berrioplanoko lantegietan. Zupiriak argitu du elektroindarren menpeko enpresetan izan dela eraginik nabarmenena (siderurgia eta papergintza sektoreak izan ohi dira argindarraren menpekotasun handiena duten sektoreak), eta normaltasunera itzultzen ari direla, segurtasun protokoloak ziurtatuz eta makinak berrabiaraziz.

Banku sektoreari dagokionez, Laboral Kutxak jakinarazi du kontingentzia neurriak hartu zituela atzo eta horri esker, euren jarduera normaltasunez egin zutela, txartelak, bizuma eta gainerako ordainketa-zerbitzuak eta kanal digitalak barne. Goizean zehar, finantza erakundearen bulego eta kutxazain automatikoen %98k hornidura elektrikoa eta eragiketa guztiak berreskuratu dituzte. Kutxabanken kasuan, kutxazainen jarduera berreskuratzen ari direla ohartarazi dute. Halaber, euren kanal digitalak normaltasunez funtzionatzen ari dira, baita bulego sarea ere.

Halaber, Eroskik zehaztu du euren saltokietako jarduera normalizatu dutela eta denda gehienek ohiko ordutegian zabaldu dutela gaur goizean. Elikagaien segurtasuna bermatzeko, argindarraren hornidura etenaldiaren ondorioz kaltetutako produktu fresko oro baztertu duela jakinarazi du kooperatibak. Euskaltelek, bere aldetik, zerbitzua berreskuratzeko lanetan direla ohartarazi du. Arratsaldeko 15:00ak aldera telefono finko eta mugikorreko zerbitzu guztien %90 eskaintzen ari zen.

Espainia, Portugal eta Frantzia

Espainian, Red Electrica, sare elektrikoaren energia kudeatzaileak azaldu duenez, garraio sareko azpiestazio parkeen %100 energia eskaintzen ari da. Itzalaldiaren ondorioz, konpainia guztietako tren-zerbitzuak bertan behera geratu ziren atzo, 116 tren eta 30.000 erabiltzaile kalteturik. Gainera, tren batzuetako bidaiariak erreskatatu behar izan dituzte.

Pedro Sanchez presidenteak 13:00etan egin du agerraldia. Gertatu dena argitzeko euren eskuetan dagoen guztia egingo duela adierazi du, eta hornitzaile pribatuei ardurak exijituko dizkiela. "25.180 Mwatt-eko eskaera zegoen hornidura eten zenean. Eskaera nahiko apala da. Oso garrantzitsua da jakitea zehazki zer pasatu zen bost seguru horietan", kontatu du Sanchezek. Red Electricaren ekarpena eskertu du, zeinak zibererasoaren aukera baztertu duen. Espainiako Gobernuak, ordea, ez du hipotesirik baztertzen eta azterketa independente bat egingo du. Europako Batasunari ere beste ikerketa bat eskatuko dio. "Informazioaren gardentasuna" nabarmendu du eta "zorrotz" jokatuko dutela, sekula ez baita halako hornidura etenaldi bat jazo Espainiako Estatuan.

Era berean, Espainiako Ministroen kontseiluak iragarri du erreserbetan duen erregaia merkaturatuko duela, hornidura falta posible bati erantzun ahal izateko. Hots, erreserbak baliatuko ditu estatu osoan hiru egunetan kontsumitzen den adina erregai merkatuan saltzeko.

"25.180 Mwatt-eko eskaera zegoen hornidura eten zenean. Eskaera nahiko apala da. Oso garrantzitsua da jakitea zehazki zer pasatu zen bost seguru horietan"

Europako Batzordeak arratsaldean baieztatu du ikerketa independente bat abiatuko duela. Azterketa hau egiteko baldintza hirugarren mailako itzalalditzat jotzea da, maila handiena da hori, eta hala egingo du batzordeak. Kaltetutako estatuek hiru hilabeteko epea izango dute txosten bat aurkezteko eta Europako sei hilabeteko epean lehen bertsio teknikoa plaratuko du.

Portugalen, gobernuak zehaztu duenez, "herrialdea normaltasunera itzuli da" eta hiritar guztiek argia dute berriro, ur-hornidura ia herrialde osoan bermatuta dago eta aireportuak normaltasunez funtzionatzen ari dira. Frantzian elektrizitate etenaldia murritzagoak izan ziren. Herrialdeko industria ministro Marck Ferracik adierazi du Espainia baino hobeto prestatu dela Frantzia argindarraren eten masiboei aurre egiteko.

Luzerako joko du jakiteak zer-nolako eragina izango duen honek guztiak ekonomian eta enpresengan, galdera ekonomikoak zer-nolakoak izan daitezkeen. Metro lineak, tren lineak, ekoizpenak eteteak... Ikusteke dago.