
Espainiako eta Portugalgo Gobernuek talde berria sortuko dute astelehenean penintsulan izandako itzalaldiaren zergatiak aztertzeko. “Lehen egunetik hasi zen bi lurraldeen arteko elkarlana” esan du Sara Aagesen Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak; gaineratu du taldearen helburua “datuen trukaketa” ez ezik, “gertakariaren arrazoia aztertzea eta etorkizunean hartu beharreko neurriak adostea” ere izango dela, “berriro gerta ez dadin”.
Datorren astean bilduko dira berriro ere telematikoki. Taldearen buru izango dira Aagesen bera eta Maria de Graça Carvalho Portugalgo Ingurumen eta Energia ministroa, eta bi energia-idazkariak ere bertan izango dira.
Bestalde, Frantziako eta Marokoko administrazioarekin harremanetan jarri da Aagesen, eskerrak emateko eskainitako laguntzagatik, eta, bide batez, lagungarria izan daitekeen edozein informazio partekatzeko eskatzeko.