• EKONOMIA
  • James Wilson izango da Orkestrako zuzendari berria

James Wilson izango da Orkestrako zuzendari berria

Azken 12 urteetan zuzendari izan den Mari Jose Arangurenen lekukoa hartuko du

    James Wilson | Argazkia: Orkestra
    James Wilson | Argazkia: Orkestra
    2025eko ekainaren 13a
    Eg. 2025eko ekainaren 13a

    James Wilson izango da Orkestrako zuzendari berria. Erakundeko ikerketa zuzendaria izan da 2018az geroztik, eta Mari Jose Aranguren ordezkatuko du, 12 urtez zuzendari nagusia izan dena.

     

    Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Administrazio Kontseiluak izendatu du Wilson zuzendari nagusi berri. Entitateak ohar bidez azaldu duenez, “eskualdeko lehiakortasun-politiketan aditua” da Wilson eta ibilbide “sendoa” egin du nazioartean zein Euskal Herrian.

    2007an hasi zen Orkestran lanean, eta 20 urtetik gorako esperientzia du lehiakortasunaren eta lurralde-garapenaren arloko ikerketan. Ibilbide akademikoa Erresuma Batuan hasi zuen, bertan eskuratu zuen Ekonomiako gradua, Warwickeko Unibertsitatean. Ekonomia masterra du Lurmutur Hiriko Unibertsitatean (Hego Afrika), eta Birminghameko (Erresuma Batua) Unibertsitateko doktorea da.

     

    Arangurenek, bestalde, Deustuko Unibertsitateari lotuta jarraituko du, Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreordea izango baita aurrerantzean. Bere gidaritzapean, Orkestrak 40 pertsonako taldea osatu du, eta urtean 45 ikerketa-proiektu inguru bultzatzen ditu 50 erakunde publiko eta pribatu baino gehiagorekin lankidetzan.

    Wilsonen ikerketa politika publikoen eta lurralde-estrategien, gobernantzaren eta klusterren azterketan oinarritzen da, eta gai horiei buruz luze eta zabal argitaratu du hainbat aldizkari akademikoetan. Europako hainbat proiektutan ere parte hartu du. Gainera, ikertzaile eta aholkulari gisa parte hartu ohi du Europako Batzordearen edo OCDEren ekitaldietan.

    Euskal ekonomia ere ondo ezagutzen du zuzendari berriak. Hainbat proiektu zuzendu baititu lurraldeko erakundeentzat. "Niretzat ohore bat da Orkestra gidatzeko aukera izatea, eta zorioneko sentitzen naiz bide hau hain talde anitz, trebatu eta konprometituarekin hasteagatik. Etapa berri bati ekin diogu, baina gure misioak argia izaten jarraitzen du: jakintza zorrotza eta ekintzara bideratua sortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunean eta ongizatean eragin positiboa duena, eta, aldi berean, nazioartean aitorpena eta eragina duena", adierazi du.