• EKONOMIA
  • Janaria etxera: denbora irabazi, beste batzuei kentzeko

Janaria etxera: denbora irabazi, beste batzuei kentzeko

Janaria etxera eskatzea ohikoa da. Hain ohikoa, ezen gutxitan pentsatzen dugun klik horrek zer ezkutatzen duen

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko uztailaren 5a - 05:30
Eg. 2026ko uztailaren 5a - 09:29

Ostiral gaua da. Etxera berandu iritsi zara, nekatuta. Afaltzekorik ez duzu eta kozinatzeko gogorik are gutxiago. Mugikorra piztu, aplikazioa ireki eta hanburgesa, pizza edo poke bowl bat eskatu duzu, eta minutu gutxiren buruan hantxe da banatzailea, afari bero-beroa eskuetan. Janaria etxera eskatzeak egun berezietako gutizia izateari utzi dio, milioika pertsonentzat ohitura bilakatu baita [ikusi bideoa artikuluaren amaieran]. Euskal Herrian oraindik ere zerbitzua apika ez da horrenbeste erabiltzen, baina Europan etxez etxeko janariaren merkatuak 49.000 milioi dolar inguru mugitzen ditu urtean, eta hazten jarraitzea espero da datozen urteetan. AEBetan, berriz, 180 milioi pertsonek baino gehiagok erabiltzen dituzte janaria etxera eramateko plataformak, eta sektoreak 100.000 milioi dolarretik gorako diru-sarrerak sortzen ditu urtean (Statistaren datuak).

 

Alabaina, aplikazioan sartu eta segundu gutxian egiten den keinuak transakzio ekonomiko soil bat baino askoz ere gehiago ezkutatzen du. Egiazki, zer erosten ari gara? Afari bat besterik ez? Denbora? Erosotasuna? Plataforma digitalaren zerbitzuak? Ala, agian, gutxi ikusten ditugun zenbait pertsonen lana? Galdera horiei tiraka makina bat ikerketa egin dituzte azken urteetako zenbait eta zenbait pentsalarik, zeintzuek aztertu duten nola saiatzen ari diren plataforma digitalak gure kontsumitzeko, lan egiteko eta harremantzeko moduak aldatzen.

Denbora aurreztearen promesa

Etxez etxeko janaria eskatzeak denbora aurrezten du. Edo hori pentsatu izan dugu, behintzat. Euro gutxi batzuk gehiago ordainduz gero ez dago kozinatu beharrik, deskantsatzeko tarte gehiago izaten da edo, besterik gabe, ezer egin gabe egoteko. Baina, egia al da benetan denbora hori irabazi egiten dugula?

 

Hori da Judy Wajman soziologo australiarrak eta London School of Economicseko irakasle emerituak planteatzen duen galdera. Berak idatzitako Pressed for Time (denboragatik presionatuta) liburuan Wajmanek dio paradoxa batean murgilduta bizi garela: teknologiak bizitza errazago egiteko sortu ziren, baina, hala eta guztiz ere, gero eta sentsazio handiagoa dugu presaka bizi garela.

Wajmanen arabera, arazoa ez dago bere horretan teknologian, baizik eta sortzen dituen itxaropen eta espektatibetan. Aurrerapen teknologiko bakoitzak promesten du minutu gutxi batzuk aurreztuko ditugula, baina bizitzeko dugun erritmoa ere azeleratzen du. Aplikazioak uzten badigu hogei segundoren buruan afaria eskatzen, “irabazitako minutu” horiek sarri ez dira denbora libre bilakatzen, beste egiteko bati heltzeko denbora baizik. Finean, eraginkortasuna lasaiago bizitzeko bide izan baino, exijentzia berri bihurtzen da: denbora berean gauza gehiago egitea. 

Casillik defendatzen du ekonomia digital horren benetako motorra giza lana dela, eta, askotan, lan hori ezkutuan geratzen dela interfaze erraz eta intuitibo baten atzean

Janaria etxez etxe banatzeak ideia horixe ilustratzen du. Ez dugu pizza bat eskatzen soilik gose garelako, kozinatzen “gastatuko” dugun denbora baloratzen dugulako baizik. Sentsazioa ematen digu minutu batzuk irabaziko ditugula. Hausnarketa horrek, halaber, beste galdera bat jartzen du mahai gainean: guk aurrezten dugun denbora hori noren esku geratzen da? Horixe da Antonio Casilli soziologo italiarra erantzuten ari den galdera. 

Kasik automatikoki funtzionatzen dutela diruditen aplikazioen atzean, Casillik defendatzen du ekonomia digital horren benetako motorra giza lana dela, eta, askotan, lan hori ezkutuan geratzen dela interfaze erraz eta intuitibo baten atzean. Ondorioz, prozesuek ia bat-batekoak dirudite.

Janaria etxera eskatzean, ikusezintasun hori bereziki nabarmena da. Kontsumitzaileak segundo gutxi batzuk besterik ez ditu behar (zer afaldu argi badauka, noski) eskaera egiteko, baina atzetik hori posible egiten duten pertsonen katea luzea da: janaria prestatzen dutenak eta garraiatzen dutenak ez ezik, plataforma bere mantentzen dutenak ere hortxe daude. Casilliren arabera, aplikazio bat gero eta eraginkorragoa eta erosoagoa izan, orduan eta gutxiago jabetzen gara atzean duen lanaz: teknologiak ez ditu pertsonak ordezkatzen; haien lana ordezkatzen du, eta ez da hain agerikoa. Alegia, irabazi dugun denbora ez da desagertzen, beste norbaiten denbora izatera pasatzen da.

Datuen negozioa

Etxez etxeko banaketak negozio-eredu berri bat ere jarri du martxan. Nick Srnicek filosofo eta ekonomialari kanadarrak, Platform Capitalism liburuaren egileak, dio Glovo, Uber Eats edo Just Eat bezalako enpresak ez direla mugatzen jatetxeak eta bezeroak konektatzera. Plataforma gisa jokatzea da haien benetako balioa: kontsumitzaileak, banatzaileak eta establezimenduak espazio berean biltzen dituzten azpiegitura digitalak dira, eta zenbat eta gehiago hazi, orduan eta zailagoa da horiek ordezkatzea.

Eredu horrek harreman komertzialaren erdigune bihurtzen du plataforma. Zenbat eta erabiltzaile gehiago erakarri, orduan eta jatetxe gehiagok egon nahi dute; eta zenbat eta jatetxe gehiagok parte hartu, orduan eta erabilgarriagoa da kontsumitzaileentzat. Zirkulu bat da, enpresa horien posizioa indartzen duena eta bereziki baliotsua den aktibo bat pilatzeko aukera ematen diena: elkarrekintza bakoitzak sortzen dituen datuak. 

Informazioa sortzen dugu, plataformei gure ohiturak hobeto ezagutzeko, eskaintzak pertsonalizatzeko eta algoritmoak hobetzeko aukera ematen diena

Ildo beretik, Shoshana Zuboff estatubatuarrak, Harvard Business Schooleko irakasle emerituak, zaintzaren kapitalismoaren kontzeptua zabaldu zuen azaltzeko nola enpresa teknologiko askok balioa lortzen duten erabiltzaileek sortzen duten informaziotik. Bere lana banaketa plataformetan zentratzen ez bada ere, bere ideiek laguntzen dute ulertzen eskaera bakoitzak arrasto digital bat uzten duela: zer jaten dugun, noiz egiten dugun, nondik eskatzen dugun edo zenbat gastatzeko prest gauden.

Horrela, etxera janaria eskatzen dugun bakoitzean, ez dugu afari bat soilik ordaintzen, ezta dirua denboraz trukatu ere. Informazioa sortzen dugu, plataformei gure ohiturak hobeto ezagutzeko, eskaintzak pertsonalizatzeko eta algoritmoak hobetzeko aukera ematen diena. Funtsean, etxez etxeko janaria eskatzean denbora, lana eta datuak ere trukatzen ditugu.

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain