Jatetxeek eta banaketa enpresek soberan geratutako janaria ezinbestean banatu beharko dute

Bestela zigorrak jasoko dituzte

Eramateko janaria | Argazkia: iStock Eramateko janaria | Argazkia: iStock

Espainiako Diputatuen Kongresuak oniritzia eman dio ostegun honetan Elikagaiak Alferrik Galtzeko Legeari, janaria xahutzea saihestu nahi duen arauari. Aldeko 269 boto, ezezkorik bat ere ez, eta 70 abstentziorekin onartu da lege-proiektua. Behin Kongresuan onartuta, Senatuan bozkatuko beharko da orain.  

Nazio Batuek eta Europako zenbait zuzentarauk emandako gomendioetatik sortu da proiektua, urtero milioika tona elikagai zakarrontzira botatzen direlako. Elikagaien galeren %70 jatetxeetan eta etxeetan gertatzen da, eta elikagai horietatik %78 dendatik zuzenean zaborretara joaten dira, eta gainerako %22a prestatutako platerak izaten dira.

Hori ekidin nahian, lege-proiektuak zenbait neurri zehaztu ditu. Elikagaiak ekoizten eta eraldatzen dituzten enpresek, eta banatzen dituztenek, lehentasunak zehaztu beharko dituzte janaria zakarrontzira ez botatzeko. Soberan geratzen den janaria eramateko aukera ere eskaini beharko dute, betiere kontsumitzeko arriskurik ez badu. Soberakin horiek eramateko aukera ez ematea arau hauste arina izango da.

Elikagaiak banatzeaz arduratzen diren enpresen kasuan, soberakinak egoera zaurgarrian dauden pertsonei emango zaizkie, eta bestela, zigorrak jasoko dituzte. Hori arau hauste arina izango bada ere, banaketan diskriminazio kasuren bat egonez gero, arau hauste larritzat hartuko da.

Hala, soberakinak ez emateaz gainera, arau hauste arintzat hartuko dira hondakinak ez zenbatzea edota hierarkiarik ez aplikatzea ere. Kasu honetan, 2.000 eurorainoko zigorra jaso dezakete. Prebentzio planik ez izatea, banaketan diskriminatzea, edota bi urtean bi arau hauste arin izatea larritzat joko da, eta 2.000 eta 60.000 euroko isuna jaso daiteke. Bi urtean, bi arau hauste larri eginez gero, berriz, arau hauste oso larritzat hartuko da eta 500.000 eurorainoko isuna jaso daiteke.

Hondakinak kontrolatzeko, enpresak administrazioekin lankidetzan arituko dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK