• EKONOMIA
  • Jauregik dio energia elektriko berriztagarri gehiago sortzea premiazkoa dela

Jauregik dio energia elektriko berriztagarri gehiago sortzea premiazkoa dela

EAEn sortzen den energia guztiaren %7 da soilik elektrikoa, eta Jauregik uste du "Europar gisa, lotsa eman beharko ligukeela" datu horrek

Mikel Jauregi gaurko agerraldian | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Mikel Jauregi gaurko agerraldian | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2026eko urtarrilaren 28a - 11:40

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua Bilbon izan da gaur Foro Gran Via izeneko topaketan. Bertan azaldu duenez, EAEk energia prezio garestiena ordaintzen du egun, Europako beste herrialde batzuen aldean, eta bere hitzetan, horrek “desabantaila argia eta benetako lehiakortasun-galera sortzen du” Frantzia eta Alemania bezalako estatuen aurrean.

 

Hein horretan, Jauregik Espainiako Gobernuari eskatu dio “industriaren aldeko politika energetiko bat aktibatzeko”, Europako beste herrialde batzuetan egiten den modura, “bere lehiakortasuna murrizten duten distortsio horiek ezabatzeko”.

“Faktura sinplifikatu eta kostua murriztu behar da”, esan du industria sailburuak, eta energia prezio lehiakorragoak lortzea gakotzat jo du: “Eusko Jaurlaritza gisa dugun helburua da industriak ordaindutako elektrizitatearen azken prezioa Europako gainerako lurraldeetakoa bezain lehiakorra izatea, hori guztia trantsizio energetikoa eta sare elektrikoko inbertsioak arriskuan jarri gabe, ezinbestekoak baitira elektrifikaziorako eta deskarbonizazio industrialerako”.

 

Sailburuaren esanetan, Iberiar Penintsulan Europako energia elektrikorik merkeenetako bat sortzen da baliabide berriztagarri ugariei esker, batez ere eguzkiari eta haizeari esker, eta horrek aukera eman beharko luke energia berriztagarri “ugari” eta “kostu txikikoa” sortzeko.

Energia merkeagoa sortu arren, hemengo industriak ordaintzen duen azken prezioa, Europako beste herrialde batzuen aldean, altuagoa dela nabarmendu du, “sorkuntza-kostutik kanpoko elementuen ondorioz, hala nola zergen, bidesarien edo salbuespenen erabilera txikiagoaren ondorioz”.

Lotsa

Energia elektriko berriztagarriak bultzada bat behar duela azaldu du Jauregik, eta esan du “Europarra izanda, lotsa eman beharko ligukeela" EAEk sortutako energia guztiaren %7 soilik izatea energia mota hori.

Parke eoliko nahiz fotovoltaikoen gaineko proiektuez ere mintzatu da. Bere ustetan, azken urteetan “paperezko proiektuen inflazio handia” izan da, eta proiektu berriztagarrien horiekin espekulazio asko egon da. Azpimarratu du Jaurlaritzak proiektuok aztertu beharra dituela eta zenbait iragazki igaro behar dituztela. “Ingurumen ikuspegitik ahalik eta inpaktu txikiena izan behar dute, eta baliabideak (haizea eta eguzkia dauden lekuetatik gertu kokatu behar ditugu”. Kable elektrikoak egitea ekidin nahi du Jauregik.

Jaurlaritzak prest da proiektu berriztagarri horietan inbertitzeko, eta sailburuak argitu du Energiaren Euskal Erakundeak zehaztuko dituela proiektu horiek babesteko beharrezko baldintzak.