• EKONOMIA
  • Gazteek etxebizitza erosteko 144 milioi euro erabiliko ditu Jaurlaritzak

Gazteek etxebizitza erosteko 144 milioi euro erabiliko ditu Jaurlaritzak

18 eta 39 urte arteko pertsonentzako jarriko da martxan abal-lerroa

Euskadiko Etxebizitza Legearen hamargarren urteurrena da gaur | Argazkia: Irekia
Euskadiko Etxebizitza Legearen hamargarren urteurrena da gaur | Argazkia: Irekia
2025eko ekainaren 18a

144 milioi euroko abal-lerroa iragarri du Eusko Jaurlaritzak, EAEko 18 eta 39 urte bitarteko gazteei lehen etxebizitza eskuratzen laguntzeko. Laguntza eskatu nahi dutenek gutxienez bi urte pasa behar izan dituzte, azken bost urteetatik, EAEn bizitzen, eta pertsonaren irabaziek ezin dituzte 50.400 euroak gainditu; bi gazte izatekotan, bien artean gehienez 86.400 euroko irabaziak onartuko dira.

 

Abalak etxebizitzaren tasazioaren eta salerosketaren arteko gutxieneko balioaren %80tik gorako zenbatekoa estaliko du, eta gehienez, %100. Betiere, higiezinaren erosketa-prezioak ez ditu 340.000 euroak gaindituko.

Laguntza tresna berria elkarlan publiko-pribatuari esker aterako da aurrera, Finantzen Euskal Institutuaren eta beste zenbait finantzaketa erakunderen artean garatuko baita. Etxebizitzaren erosketarako abal-lerro berriaz gain, Jaurlaritzak iragarri du datozen hilabeteetan beste tresna bat jarriko dela martxan alokairuko etxebizitzen fidantzak ordaintzen laguntzeko.

 

Imanol Pradales lehendakariak eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak aurkeztu dute finantzaketa lerro berria Gasteizen, Euskadiko Etxebizitza Legearen hamargarren urteurrena dela eta. Pradalesek esan du etxebizitza dela hamarkadako erronka estruktural garrantzitsuenetakoa, eta, horregatik, lankidetza publiko-pribatua ezinbestekotzat jo du. “EAEko gazteek ezin dute zementuzko harresi baten aurka egin etxetik alde egitea erabakitzen dutenean”, gaineratu du.

Itxasok azpimarratu du lurra ezinbestekoa dela eraikin berriak eraikitzeko, eta gogorarazi du eraikigarriak diren lursail gehienak udaletxeen eskutan daudela. Alokairuko etxebizitzen merkatuan erregulazio falta dagoela ere salatu du, nahiz eta baieztatu duen tentsio handiko eremuen sorrera tresna oso erabilgarria dela, bai prezioen igoera ekiditeko, baita alokairurako sarbidea eskuragarriagoa izateko.