Urtarrilaren 21etik 25era bitartean turismo sektoreko Fitur azoka egingo da Madrilen (Espainia). Bertan elkartuko dira sektoreko eragile nagusiak eta Jaurlaritza ere bertan izango da. Azokaren baitan, Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak Bidaia arduratsu baterako gida kanpainia aurkeztuko du.
Gaur goizean egin dute gidaren aurkezpena eta Javier Hurtado sailburuak zera adierazi du: “Bisitatzen gaituztenei gure kultura, ingurunea eta bizimodua errespetatzeko eskatzen badiegu, modu berean jokatu behar dugu beste helmuga batzuetara bidaiatzen dugunean”.
Kanpainak hainbat balio sustatzen ditu, hala nola ingurune naturalarekiko, kulturalarekiko eta sozialarekiko errespetua, tokiko biztanleekiko bizikidetza eta jokabide turistikoaren erantzukizun indibidual eta kolektiboa. “Helburua da euskal bidaiariak turismoan jardunbide egokien enbaxadore bihurtzea, jasangarritasuna balio unibertsala delako ideia indartuta, tokiko eremura mugatu gabe”, gehitu du Hurtadok.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, aurten ere standa izango dute Madrilgo Fitur azokan, eta aldundiek, udalek, eskualdeek eta garapen-agentziek hainbat proiektu aurkeztuko dituzte jasangarritasuna, irisgarritasuna, digitalizazioa, turismo aktiboa, zikloturismoa, gastronomia eta kulturari lotuta.