
6 milioi euroko zuzkidura duen programa jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bitartez: Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Ostatuko Enpresa Turistikoen Eraginkortasun Energetikoko Proiektuetarako Laguntza Programa, hain zuzen.
Finantzaketa-lerro berriak helburu du ekonomia zirkularra eta energia eraginkortasuna hobetzea, karbono aztarna eta energia kostuak murrizten diren bitartean. Horretarako, etxetresna elektrikoak berritzen eta energia eraginkortasuna hobetzen lagunduko zaie, bai turismo-ostatuei, baita sektoreari lotutako bestelako jardueretara bideratutako establezimenduei ere. Ezingo dute laguntza jaso erabilera turistikoko etxebizitzek, ezta etxebizitza partikularretako logeletan ostatu zerbitzua eskaintzen duten etxebizitzek.
Etxetresna elektrikoak orotarikoak izan daitezke: labeak, kafeontziak, mahai-tresnak distirarazteko makinak, frijigailuak, ontzi-garbigailuak, garbiketa-tresnak, lehorgailuak, lixagailuak, xurgagailuak, hozkailuak, izozkailuak, klimatizazio-ekipamenduak, hondakinak aurrezteko ekipamenduak, edota zirkulartasuna sustatzen duten tresnak. Horrez gain, kontuan hartuko dira ere lanparak, argiztapen maila pizteko edo erregulatzeko bitarteko digitalak, baita domotika zein energia eraginkortasunarekin zerikusia duten sistemak eta elementuen ordezkapenak.
Hala, dirulaguntzak barne hartzen dituen kostuen %90 estaliko du Jaurlaritzak, betiere, onuradun bakoitzera gehienez 300.000 euro bideratuta. 2025eko abenduaren 31ra bitartean aurkez daitezke eskabideak, EEEren webgunearen bitartez.