Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 928.168,13 euroren dirulaguntzak onartu ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako mahastien berregituratzea eta berrikuntza bultzatzeko. Amaia Barredo sailburua buru duen sailak ohar bidez jakinarazi du 105,53 hektaeratara bideratuko dituztela laguntzak, horiek “modernizatu” eta sektorearen merkatu eta ekoizpen erronka berriei erantzun ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du dirulaguntza jasoko duten proiektuak familia-ustiategiak eta upategi handiak direla, euskal mahastizaintza eta ardogintza sektorearen aniztasuna islatzen dutelarik.
Halaber, Barredok azpimarratu du laguntza horiek oso garrantzitsuak direla sektorearen etorkizuna bermatzeko. "Inbertsio horiek funtsezkoak dira gure mahastizainen lehiakortasuna indartzeko, ekoizpenen kalitatea hobetzeko eta mahasti iraunkorrago eta klima-aldaketara egokituago baterantz aurrera egiteko. Mahastizaintza eta ardogintzako sektore moderno baten aldeko apustua egiten dugu, landa-ingurunean balioa eta enplegua sortzeko gaitasuna duena ", adierazi du.