• EKONOMIA
  • Jaurlaritzak adostutako bost transferentzien inguruko akordioa itxi du Madrilekin

Jaurlaritzak adostutako bost transferentzien inguruko akordioa itxi du Madrilekin

Eskumen horien artean dira langabeziari lotutako prestazioarena eta kotizaziorik gabeko pentsioen kudeaketarena

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2026eko urtarrilaren 15a - 13:48

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak bihar egingo dute transferentzien inguruko batzordea. Azken egunotan, EAJko hainbat ordezkarik zalantzan jarri dute bilera egingo ote zen, ez baitzuten Madrilen aldetik bermerik ikusten adostutako bost eskumenak eskualdatzeko. Aitzitik, gaur elkartu dira Imanol Pradales lehendakaria eta Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua eta biharko bilerara joatea erabaki dute.

 

Ubarretxenak azaldu du Jaurlaritzak eta Madrilek bost eskumenak eskualdatzeko akordioa itxi dutela. Argitu duenez, azken egunotan EAEko ogasunek, lehendakariak eta Jaurlaritzako bozeramaileak Espainiako Gobernuko hainbat ministrorekin izandako elkarrizketen ostean lortu dute akordioa. Dena den, sailburuak egoera hori berriro ez errepikatzeko eskatu dio Pedro Sanchezen gobernuari, eta ohartarazi du ez dela onargarria horrelako akordioak azken orduan ixtea. "Hau ez da negoziaketarako modu serioa", esan du.

Gernikako Estatutuan jasotako bost eskumen eskualdatzea du helburu biharko bilerak: itsas salbamenduarena, Barakaldoko makineria zentroarena, eskola aseguruarena, langabeziari lotutako prestazioarena eta kotizaziorik gabeko pentsioen kudeaketarena. Bi gobernuek iazko udaran adostu zituzten eskualdaketa horiek. Aitzitik, biharko bileran transferentziak zer baldintzatan egingo diren zehaztu beharra dute.

 

Jaurlaritzaren esanetan, desadostasunak ez ziren teknikoak, politikoak baizik, eta bi eskumen zehatzetan zentratzen ziren: langabeziari lotutako prestazioarenean eta kotizaziorik gabeko pentsioen kudeaketarenean.

Ubarretxenak argitu du bihar Madrilen bilera amaitu ostean emango duela transferentzien inguruko xehetasun gehiago.