Jaurlaritzak alokairu turistikoko plataformen betebeharrak gogortzeko eskatu dio Bruselari

Administrazioekiko lankidetza arautzeko eskakizuna egin du Europako Batzordean eta Europako Parlamentuan

Javier Hurtado Turismo sailburua Bruselan egindako bileran | Argazkia: Irekia Javier Hurtado Turismo sailburua Bruselan egindako bileran | Argazkia: Irekia

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak alokairu turistikoko plataformen gardentasunaren eta lankidetzaren eskakizunak gogortzeko beharra defendatu zuen atzo, Europako Batzordean eta Europako Parlamentuan egindako zenbait bileretan.

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, astelehenean eta asteartean bilerak egin zituzten Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren erregelamendu proposamenaren arduradunekin, iraupen laburreko alokairuei buruzko datuak biltzeari eta trukatzeari buruz. Bilera horiek Barne Merkatuaren eta Kontsumitzaileen Legebiltzarreko Batzordean eztabaidatzen ari dira, eta Europako Parlamentuan irailean bozkatzea aurreikusten da.

Erregelamendua aurrerapauso garrantzitsua izango litzateke erabilera turistikoko etxebizitzen eta logelen jardueren gaineko kontrola hobetzeko. Izan ere, helburua da lineako plataformekin datuak trukatzeko tresnak ematea nazioko, eskualdeko eta tokiko agintariei.

Javier Hurtadoren hitzetan, araudia galdu ezin den aukera bat da plataformei etxebizitzen erregistro zenbakia nahitaez sartzeko eskatzeko. “Ezkutuan diharduten ostatu askoren zigorgabetasuna plataformek tokiko agintariekin duten lankidetza eta gardentasun faltaren ondorio da”, adierazi zuen sailburuak. Nabarmendu zuenez, “jarduera klandestinoaren kontrola zaildu egiten da plataforma horien laguntzarik gabe, eta Euskal Autonomia Erkidegotik behin eta berriz esaten jarraituko dugu behar-beharrezkoa dela Europa mailako araudi honekin arlo horretan eragina izatea”. Hori dela eta, sailburuak EAEk erregelamendu horren aurrean duen jarrera defendatu zuen.

Hala, Hurtadok Euskal Autonomia Erkidegoak erabilera turistiko klandestinoko etxebizitzen arau hausteak hautemateko eta zigortzeko duen arazoa zehaztu zien Europako arduradunei.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK