Eusko Jaurlaritzak alokairuko etxebizitza babestuen %30 gordeko ditu urtean 20.000 eta 46.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten bizikidetza unitateentzat. Hala adierazi du gaur goizean Bilbon Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburuak. Aldaketa hori Etxebideren arauak ezartzen dituen legearen erreforman sartuko da.
Etxebizitza sailak nabarmendu du errenta ertainentzat eta langileentzat gordeko duela etxebizitza babestuen %30 hori. “Merkatu librera jo ezin dutenei edo bizi-proiektu autonomoa eraiki ezin dutenei” zuzenduta dagoela esan du Itxasok, eta sistemaren erantzuteko ahalmena handitu nahi dutela ere gehitu du.
Jaurlaritzak gaur abiatu du lege berriaren izapidetzea, eta hiritarrentzako kontsulta aldian da orain. Gauzak horrela, Etxebide erregistroaren funtzionamenduan ere aldaketak egingo ditu Jaurlaritzak, eta antzinatasunari garrantzia handiagoa emango dio.
Apartamentu eredu berri bat ere sartu nahi dute sistema berrian, etxebizitzarako aukera emanez 36 urtetik beherako gazteei nahiz adineko pertsonei. Gazteen kasuan, gutxienez lanbide arteko gutxieneko soldataren baliokidea izan beharko dute eta gehienez 46.000 euro. Adinekoei dagokienez, 70 urtetik 65 urtera jaitsiko da belaunaldien arteko apartamentu baterako sarbidea izateko gutxieneko adina.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta