
Eusko Jaurlaritzak zehaztu du 2026ko aurrekontuak aurtengoak baino zertxobait handiagoak izango direla, eta horien bidez, estrategikotzat dituen hainbat esparru indartuko dituztela, “finantza-egonkortasuna” zalantzan jarri gabe. Noel d’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak argitu du aurrekontuen proiektua datorren urriaren 28an onartuko duela Gobernu Kontseiluak.
Hedabideen aurrean azaldu da sailburua gaur, eta azaldu du 2026ko aurrekontuen helburua dela "hiritarren ongizatea eta hazkunde ekonomikoa bermatzea". Gaineratu du Jaurlaritzak “inbertsio motor” izaten jarraituko duela, EAE jasangarriago eta digitalago bat lortzeko. Horrekin batera, nabarmendu du Jaurlaritzak kolaborazio publiko-pribatua sustatzen jarraituko duela, baita Itun Ekonomikoak eskaintzen dizkien aukerak probesten ere.
2026ko aurrekontuen gidalerroak 2025ean BPGa %2,1 eta 2026an %1,8 haziko delaren aurreikuspenetan oinarrituta egin ditu Jaurlaritzak. Hala, pasa den apirilean egindako hazkunde aurreikuspenak berretsi ditu.
Enpleguari dagokionez, Jaurlaritzak uste du 2026an 12.000 lanpostu sortuko direla, hau da, %1,2ko hazkundea izango dela. Langabezia-tasa lau hamarren apalduko da 2025an, %7ra arte, eta 2026an zehar %6,7ra jaitsiko da.