• EKONOMIA
  • Jaurlaritzak beste bi milioi euro jarri ditu auto berriak erosteko dirulaguntza programan

Jaurlaritzak beste bi milioi euro jarri ditu auto berriak erosteko dirulaguntza programan

Auto elektrikoak erosteko laguntza programaren (Moves III) aurrekontua agortu egin dela jakinarazi du Mikel Jauregi Industria sailburuak

Auto elektriko bat kargatzen | Argazkia: iStock
Auto elektriko bat kargatzen | Argazkia: iStock
2025eko urriaren 7a - 13:52

Eusko Jaurlaritzak erabaki du beste bi milioi euro jartzea auto berriak erosteko dirulaguntza programan. Zehazki, Renove planerako aurrekontua handitu du, zeinak edozein motako autoak erosteko laguntzak eskaintzen dituen, eta Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioari eskatu dio auto elektrikoa erosteko laguntza programaren (Moves III) aurrekontua areagotzeko.

 

Mikel Jauregi Industria sailburuak jakinarazi du bi programa horien aurrekontuak dagoeneko agortu egin direla, eta uste du ezinbestekoa dela aurrekontuak handitzea eskariari erantzun ahal izateko.

Emisio gutxiko autoak erosteko dirulaguntzak eskatzeko epea urriaren 15era arte luzatu zuen Jaurlaritzak. Orain, bi milioi euro gehiago txertatuta, diru hori agortu arteko epea izango dute eskatzaileek. Apirilean abiatu zuen plana Jaurlaritzak, eta orduan bost milioi euro jarri zituen.

 

Moves III programa urte hasieran sartu zen indarrean, zeina eta EBko Next Generation funtsen bidez finantzatzen den. Espainiako Gobernuak arduratzen da dirua banatzeaz, eta kudeaketa Jaurlaritzaren esku dago. Hasierako aurrekontua 15 milioi eurokoa zen, eta Jaurlaritzak hura bikoizteko eskatuko du orain. Industria sailburuak zehaztu du 1.584. laguntza onartu dituztela, eta gaur-gaurkoz 2.000 eskari daudela izapidetzeke.