Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak %1,9an mantendu du EAEko Barne Produktu Gordinaren aurtengo hazkunde aurreikuspena. Aitzitik, 2027ko aurreikuspena zertxobait hobetu du, hamarren bat, eta, hortaz, %1,7ko hazkundea espero du.
Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eman du datuen eguneraketaren berri. Bere hitzetan, EAEk “erresistentziarako eta egokitzapenerako gaitasun argia” erakusten jarraitzen du. Bere hitzetan, datozen urteetako hazkundea “barne eskariaren sendotasunean oinarrituko da”, batik bat. “Etxeetako kontsumoak jardueraren motor garrantzitsua izaten jarraituko du, erosteko ahalmenaren pixkanakako susperraldiak eta enpleguaren sendotasunak eutsita”, gehitu du.
Torresek aitortu du “gatazka geopolitikoen bilakaerak” eta “energia merkatuetako tentsioek” baldintzatutako hazkundea izango dela, eta hein horretan, zuhurtzia eskatzen duen testuinguruan gaudela ohartarazi du.
Horrekin batera, sailburuak azaldu du inbertsioek hazten jarraituko dutela, erritmo apalagoan bada ere; “finantza baldintza zorrotzenak gogortu direlako eta Europako funtsei lotutako proiektu batzuk pixkanaka amaitu direlako”.
Industria sektorea 2027tik aurrera “pixkanaka” suspertuko dela uste du, eta aitortu du zailtasun handienak kanpo sektorean ikusten direla, esportazioen “ahultasuna” nabarmenduta.
Zerbitzuen sektorearen “dinamismo handia” ere azpimarratu du, enplegua sortzeko “motor nagusia” delarik. Jaurlaritzak uste du 2026an %1,1 haziko dela enplegua, eta 2027an %0,9. Hots, 20.000 lanpostu sortzea aurreikusten du datozen bi urteetan.
Era berean, langabezia %6,5ean kokatuko da aurten eta %6,2an 2027an, Jaurlaritzaren arabera.