• EKONOMIA
  • Jaurlaritzak kezka azaldu du Bruselak berdelaren kuota %70 murriztu nahi duelako

Jaurlaritzak kezka azaldu du Bruselak berdelaren kuota %70 murriztu nahi duelako

Barredo sailburuaren ustez, sektorearen errentagarritasunari kalte handia egingo lioke murrizketak. Euskal arrantzaleek eskatu dute espeziaren arrantza Europa osoan debekatzeko

Atunontzi bat | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Atunontzi bat | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2025eko abenduaren 11a - 10:37

Azken urteotan, berdelaren biomasa nabarmen murriztu da, eta, hori dela eta, Europak espezie hori arrantzatzeko kuota %70 murriztu nahi duela iragarri du. Eusko Jaurlaritzak neurri horren gaineko kezka azaldu du gaur, uste baitu sektorearen errentagarritasunari kalte handia egin diezaiokeela. Amaia Barredo Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua Bruselan da egunotan, Europar Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza ministroen Kontseiluan, eta zera adierazi du: “Hainbesteko murrizketak arrisku larrian jarriko luke amu- artearekin espezie hau harrapatzen duen kostaldeko arrantza-sektorearen errentagarritasuna”. Bilkuran datozen urteko arrantza kuotak negoziatuko dituzte bihar arte.

 

Atzo, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak prest agertu ziren 2026an berdela ez arrantzatzeko, gainerako arrantzaleek ere gauza bera egiten badute. Aitzitik, euskal arrantzaleentzat Kantauri itsasoan arrantzatu daitekeen kopurua %70 murriztea ez da jasangarria, eta banaketa “bidezkoagoa” eskatu dute.

Europako uretan berdela arrantzatzen den eremu osoa ixteko eskatu dute, bai Europako ontzientzat, bai kanpotik datozenentzat ere. Izan ere, gaur egungo murrizketek EBko ontziei eragiten die nagusiki. Europako uretan aritzen diren kanpoko herrialdeei, aldiz, ez die murrizketarik egin Europak, eta ez du halakorik aurreikusi.

 

Berdelaz gain, hegaluzea, antxoa eta legatza dira euskal arrantzaleentzat arrain espezie nagusiak. Bada, hegaluze gorriaren kuota %17 igotzea proposatu da Bruselan, eta Jaurlaritzak “modu positiboan” hartu du neurri hori.