• EKONOMIA
  • Jaurlaritzak "kontrol publikoa indartu" nahi du babes ofizialeko etxebizitzen salerosketan

Jaurlaritzak "kontrol publikoa indartu" nahi du babes ofizialeko etxebizitzen salerosketan

Denis Itxaso sailburuak iragarri du Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak bitarkeri lanak egingo dituela salerosketetan, etxebizitza horien gainprezioa saihesteko, besteak beste

Etxebizitza berriak Bilbon | Argazkia: Europa Press
Etxebizitza berriak Bilbon | Argazkia: Europa Press
2026ko maiatzaren 27a - 10:12
Eg. 2026ko maiatzaren 27a - 14:14

Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzetan bitartekari modura jardun nahi du. Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak atzo iragarri zuen Etxebizitzaren Euskal Legea aldatzeko lanean ari direla, besteak beste, babes ofizialeko etxebizitzen salerosketan Etxebizitza saila “modu aktiboan bitartekari” izan dadin.

 

Itxasoren hitzetan, “ia instituzionalizatzen ari den arazo bat” atzeman dute babes ofizialeko etxebizitzen merkatuan. Etxebizitza horien salerosketan gainprezio bat ezartzen da, etxe barruko altzarien trukean. Praktika hori “irregularra” dela adierazi du sailburuak, eta modu horretara, "ezkutuko gainprezioen kobrantzarekin lotutako iruzurrezko praktikei” aurre egin nahi dietela. Gauzak horrela, iruzurra ekiditeko, etxearen eroslea Etxebideren erregistroaren bidez izendatu nahi dute.

Itxasok Espainiako Cadena Ser irratian eman ditu azalpenak, eta zehaztu du helburua dela "kontrol publikoa indartzea" babes ofizialeko etxebizitzen bigarren eta ondorengo eskualdatzeen gainean. Finean, asmoa da Jaurlaritzak erabakitzea etxebizitza horien eroslea zein izango den, eta esleipena ez egotea partikularren arteko akordio pribatuen mende. Horretarako, Etxebiden izena emanda dauden pertsonak hartuko dituzte erreferentziatzat.