Pandemia hasi zenetik hona zenbait joera aldatu egin dira eta etorkizunera begira ere eragina izango dute. Hala ondorioztatu dute Accenturek egindako tendentziei buruzko azterketak, Fjord trends 2022 izenpean. Atzo Bilbon egin zuten horren aurkezpena, Lantik Bizkaiko eraldaketa digitala bultzatzeko enpresa publikoaren egoitzan, Industry Focused Quantum Ecosystem egitasmoaren baitan. Azterketa ezberdinetan oinarritu dira teknologia kuantikoari lotuta gorenean dauden joera aldaketak hautemateko. Orotara, bost joera identifikatu eta ezagutarazi dituzte.
1. Aurkeztu zure burua den bezalaxe
Indibidualismorako eta independentziarako joera atzeman dute lehenik, pertsonek beren denbora eta arreta nola eta zertan ematen duten kontrolatu nahi baitute.
Hala, badirudi diru-iturri nagusia osatzea edo ordezkatzea errazagoa dela orain, pertsonei beren zaletasun eta talentuekin dirua irabazteko aukera ematen dieten kanalak eta tresnak dituzten plataforma teknologikoei esker. Estatu Batuetan, esaterako, pertsona batzuek, batez beste, urtean 10.972 dolar gehitzen dizkiote beren soldata arruntari, blogak idazten, musikarekin, edota beste zenbait zaletasunekin. Dirua irabazteak, beraz, afizioekin ere lotura du egun.
Ezagutarazi duten beste datuetako bat, telelanaren igoerarena izan da. Adierazi dutenez, Espainian, langileen %41ak ez luke onartuko lanposturen bat telelanean aritzeko aukera ez badago.
Ondorioz, ikerketaren arabera, indibidualismoa gero eta handiagoa den aro honetan, garrantzitsua litzateke erakundeek pertsonen asmo, jarrera eta bizimoduetan gertatzen diren aldaketak ulertzea, izan litezkeen ondorioei erantzun ahal izateko. Joera horrek, enpresentzat erronka eta aukera berriak ekar litzakeela uste dute, baina, betiere, hausnartu, komunikatu eta egoerara egokituz.
“Indibidualismoa gero eta handiagoa den aro honetan, garrantzitsua litzateke erakundeek pertsonen asmo, jarrera eta bizimoduetan gertatzen diren aldaketak ulertzea, izan litezkeen ondorioei erantzun ahal izateko”
2. Ugaritasunaren amaiera
Bigarren joeran, ikusi dute hornikuntza faltak, klima-aldaketak edota gasaren eta elektrizitatearen prezioen igoerak eragina izan dutela eta amaitu dela ugaritasun-aroa, dena eskura izatea, urritasunaren alde. Produktu eta lehengai batzuen faltan, azaldu dute enpresa batzuk hasiak direla zenbait gauza lehentasunen arabera ordenatzen.
Egoera hobeto azaltzeko, adibide bezala jarri dituzte Correosen bidalketa arduratsuak. Dirudienez, Correosek, banaketetan arazoak dituenean, lehentasunezkoak diren bidalketak eta hainbesteko presa ez dutenak banatu egiten ditu. Klima aldaketari lotuta, berriz, azaldu dute berregituratutako dispositibo teknologikoak indarra hartzen ari direla eta konpontzeko eskubidea gailentzen ari dela.
“Amaitu da ugaritasun-aroa, dena eskura izatea, urritasunaren alde”
Ondorioz, errentagarritasunaren eta jasangarritasunaren arteko oreka bilatzeak markei eta enpresei lurralde berriak esploratzeko aukera handia eskain diezaiekeela ondorioztatu dute, litekeena delako bezeroek planetaren babesa eta oinarrizko beharrak balantzan jartzea erosterako garaian. Beraz, bi faktore horien arteko oreka bilatzea litzateke irtenbidea.
3. Metabertsoa
Bere jatorri ludikoetatik haratago, adierazi dute metabertsoa pertsonek eta markek elkarri eragiteko, sortzeko, kontsumitzeko eta dirua irabazteko gune bihurtu dela, elkarri eragiteko beste modu berri bat sortu dela.
Metabertsoa mundu fisikoaren eta digitalaren konbergentzia berri bat da, Interneten bilakaera bat, non pertsonak esperientzia partekatu bat esploratzetik, 3D aurrerapenekin aberastuta, errealitate areagotua eta errealitate birtuala aztertzera igarotzen diren. Jendea biltzeko eta aktibo digitalak (lursailak, eraikinak, produktuak eta gorabeherak) sortu, erosi eta saldu daitezkeen lekua da.
“Metabertsoarekin, elkarri eragiteko beste modu bat sortu da”
Bideo-jokoetan, esaterako, arrakasta handia izan du Fortnite izenekoak, belaunaldi berriek ohitura hartu baitute elkarrekin aurrez-aurre egon beharrean Forniten interakzio bidez elkartzeko.
Halaber, jendeak jokalari anitzeko esperientziak jokotik kanpo ere nahi dituela ziurtatu da, adibidez, film bat ikusterako garaian. Netflix-ek, esaterako, beste aukera bat eskaintzen du bereizita egon arren pertsonek edukiak elkarrekin ikusi ahal izateko.
Metabertsoa are gehiago garatuko dela iritzita, arrakasta izan nahi badute, enpresek eta markek mundu berri honetako bezeroak ulertu beharko dituztela azaldu dute Lantiken.
4. Non dago egia?
Atzeman duten laugarren joera, arrazoiarekin lotuta dago. Badirudi, egun, arrazoia izateari baino sinesgarritasuna izateari garrantzi handiagoa ematen zaiola. Estatu Batuetan, adibidez, Nicki Minaj abeslariak txio bat jarri zuen esanez, Covid-19aren aurkako txertoak seme-alabak izateko aukera murrizten zuela. Arrakasta handia izan zuen txioak, Minaj gaian aditua ez bada ere.
Beste adibide bat da ‘Birds aren’t real’ (txoriak ez dira egiazkoak) mugimenduarena. Horren arabera, txoriak ez dira existitzen, Estatu Batuetako Gobernuak jarritako makinak dira, kamera eta guzti, jendea kontrolatzeko erabiliak. Asko zabaldu zen mugimendua izan zen eta azkenean, Gobernuak berak azalpenak eman behar izan zituen.
“Egun, arrazoia izateari baino sinesgarritasuna izateari garrantzi handiagoa ematen zaio”
Datuak ere eman dituzte, hamar pertsonatik zazpik, esaterako, ez du konfiantzarik hedabide taldeetan, eta biztanleriaren %90a ez da fidatzen informazio politikoaz.
Sinesgarritasunaren garrantzi hori erosketetara ere zabaldu da, joerak dio jendeak ez duela damurik izan nahi erosten duenarekin. Igo egin da, beraz, saltokian zerbait erosi aurretik egiten den galdera kopurua eta, badirudi, enpresa batek informazioren bat ez partekatzea erabakitzen badu, litekeena dela informazio hori eskaintzen duen beste enpresa bat gailentzea.
5. Sentikortasuna
Bosgarren eta azken joerak dio norbere burua zaintzeari gero eta garrantzi gehiago ematen zaiola, zaintza eta ongizatea daudela erdigunean. Orokorrean, esan liteke, osasunaren zaintzarako gero eta produktu gehiago daudela. Horren adibide lirateke, esaterako, ongizatea lortzeko erlojuak edota meditazioari lotutako aplikazioak. Beste adibide bat litzateke, ‘It’s ok not to be ok’ (ongi dago ongi ez egotea) esaldi arrakastatsua eta Simon Biles gimnasta edota Tom Holland aktoreak beren lana aldi baterako utzi izana.
“Osasunarekiko kezka osasun-industriatatik haratago doa, sektore ezberdinetara zabaltzen ari da”
Osasunarekiko kezka osasun-industriatik haratago doala diote ikerketek, eta bezeroak zaintzeko modu berriak sektore ezberdinetara zabaltzen ari direla. Bezeroez kezkatzeak konfiantza sortzen duela ondorioztatu dute, eta beharren arabera zerbitzu berriak sortu eta horretarako teknologia aprobetxatzea beharrezkotzat dituzte. Hala, Mastercardek, esaterako, erliebedun zenbakiak kreditu-txarteletatik kendu zituztenean, itsuentzako forma ezberdinetako txartelak sortu zituen, begietako arazoak dituztenek txartelak bata bestearengandik bereizteko arazorik izan ez zezaten. Nikek, berriz, besorik ez dutenentzat errazago janzteko zapatilak sortu zituen.
Etorkizunera begira, gizarteari nabarmen eragingo dioten joerak direla ikusita, enpresa eta markek kontuan hartu beharreko bost puntu izan litezkeela gogorarazi dute Lantiketik.