• EKONOMIA
  • Jon Ansoleaga izendatu dute Spriko zuzendari berri

Jon Ansoleaga izendatu dute Spriko zuzendari berri

Build Inn EAEko eraikuntza klusterreko zuzendari nagusi izan da azken zazpi urteetan. Cristina Oyon izango du laguntzaile zuzendaritza lanetan

Jon Ansoleaga, Mikel Jauregi eta Cristina Oyon | Argazkia: Irekia
Jon Ansoleaga, Mikel Jauregi eta Cristina Oyon | Argazkia: Irekia
2024eko abenduaren 17a
Eg. 2024eko abenduaren 17a

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Jon Ansoleaga Ugarte izendatu du Spri agentziaren zuzendari berri. Ansoleagak Aitor Urzelai Inza ordezkatu du, 2020tik zuzendari izan dena. Jaurlaritzak “egindako lana eta emandako zerbitzuak” eskertuko dizkio.

 

Build Inn eraikuntza klusterreko zuzendari nagusia izan da Ansoleaga azken zazpi urteetan. Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzan lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, lehiakortasunaren mikroekonomian espezializatu zen gerora, eta marketin arloko master bat du.

Ansoleagak Cristina Oyon Echeverriaren laguntza izango du Spriren zuzendaritzan, zeina agentziaren Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun saileko zuzendaria den egun.

 

Jaurlaritzak azaldu duenez, bere ibilbide profesionalean garapen teknologikoa eta I+G+i arloko proiektuak garatzeko gaitasun handia izan du Ansoleagak. Era berean, negozio aukera berriak, nazioartekotzea eta deskarbonizazioa sustatzeko enpresen arteko kooperazioan aditua dela nabarmendu du.

Ansoleaga izendatuta, Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak adierazi du "Euskadiren motor ekonomikoa den industriaren alde" egindako apustua berresten dutela, "prest baitago herrialde gisa ekonomia berria definitzen duten bi erronkei aurre egiteko, trantsizio energetikoa eta deskarbonizazio adimenduna, eta jarduera ekonomikoaren eraldaketa digitala".