
Ekonomia zientzietan perspektiba nagusi bat dagoen arren, ekonomia kritikoak zalantzan jartzen ditu merkatuaren onurak eta errentagarritasunaren perspektiba. Jon Las Heras Cuenca EHUko irakaslea da eta Ekonomia kritikoa Martxan III: Kapitalismoa, joerak eta krisia ikastaroaren zuzendarietako bat. Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen testuinguruan hainbat aditu bildu ditu hirugarren edizioak, eta horretan hitz egindakoez hausnartu du EnpresaBIDEArekin Las Herasek.
Zergatik da beharrezkoa ekonomia kritikoa?
Ekonomia kritiko bat ez dago; hainbat eskolen batasuna da. Ekonomia zientzietan neoklasikoa edo new keynesianen arteko hitzarmena edo adostasuna dago, eta perspektiba nagusia da. Ekonomia modu natural batean ulertzen da, hau da, merkatuaren ikuspegitik. Perspektiba nahiko murriztu batetik egiten da analisia, eta azkenean merkatuak onurak ekartzen dituela adierazten da. Ikuspegi kritikoak dira zalantzan jartzen dutenak merkatua beti orekan dagoelaren ustea, eta hainbat ikuspuntu ditugu. Keynesianistek Estatuaren harpidetza ez dute onartzen; post keynesianoek diote politika fiskalek onurak ekartzen dituztela.
Beste alde batetik, perspektiba feminista eta poskolonialak daude. Azken horiek aztertzen dute mendebaldeko ekonomiek bere onurentzako pilatu izan dutela mundua. Perspektiba marxistak ere sistema zalantza jartzen du. Ikuspuntu horietatik argi geratzen da kapitalismoa ez dela bideragarria. Gure ikastaroan ikuspegi horiei garrantzi gehiago eman diegu, kurrikulum ofizialean ez dituztelako horrelako ikuspegiak sartzen.
"Ekonomia kritiko bat ez dago; hainbat eskolen batasuna da"
Hori akademian ari zarete aztertzen. Akademiatik at gaudenok nola iritsi gaitezke ekonomia kritikora?
Akademiatik at sortzen dena garrantzitsua da. Kontsultora nagusiak, big fourrak deitzen zaizkienak, modu oso instrumentalean ulertzen dute ekonomia, eta haiek gobernuei, enpresei edo erakundeei ematen dizkieten aholkuak beti izan dira errentagarritasuna bermatzeko. Beste nolako arazoak edo prozesuak ez dituzte txertatzen modu oinarrizkoan, eta bai agian, zeharkakoan. Feminismoa edo ekologismoa txertatu dezakete prozesuren baten, baina garrantzitsuena da errentagarritasunaren ikuspuntua. Azkenean, ez dute perspektiba orokorra eramaten.
Akademiatik at txertatzen dena akademia barruan ere gertatzen da. EHUn hainbat irakasle gaude perspektiba kritikotik ekonomia aztertzen. Euskal Herri mailan ekonomia ulertzeko apustuak eta ikerketak daude, besteak beste, OlatuKoop edo Reas bezalako kooperatibak. Mugarik gabeko Ekonomialariak GKEak gurekin egin du lan ikastaroan, horrelako apustuak egin behar direla ulertzen dutelako. Hainbat arlo eta tokitan, ekonomia kritikoa egiten ari gara.
Azken urteetan krisi hitza ia egunero dugu ekonomiaren inguruan hitz egiten denean. Kapitalismoa krisian dago?
Noelia Parajuák eta Alberto Garzonek perspektibak ekologista aldetik landu izan zuten hori. Metabolic rift kontzeptua azaldu zuten, hau da, haustura metabolikoa. Kontzeptu hori Marxek erabili zuen, eta John Bellamy Fosterrek gehiago zabaldu zuen. Terminoak kontuan hartzen du nola kudeatzen dugun gure metabolismoa: gizarte gisa non ekoizten den, nork kontsumitzen duen, eta gero hondakinak nora joaten diren. Garai batean sortu ziren zikloak apurtu direla diote eta horren ondorioz desoreka oso handiak suertatu direla.
Adibide bezala, Mexikon, milpa sistema dago. Bertan, landa berdinean kalabazina, babak eta artoa ekoizten ziren. Gizakiontzat nutrizionalak diren hiru gauzak ekoizten zituzten eta epe luzean landan eragin ona zuten. Bertakoek, bertan kontsumitzen zuten eta haien hondakinak bertan geratzen ziren. Dena ziklo batean sartzen zen. Industrializazioak aldiz, hori apurtu du. Egunero erabiltzen ditugun eskuko telefonoak egiteko nondik atera dira baliabideak? Non ekoiztu izan dira? Nork erabiltzen ditu? Nora joango dira hondakinak? Horren inguruan ez daukagu inolako kontrolperik. Fisikoki krisi bat dago jada.
"Bizi izan dugun bizitza krisian dago. Kapitalismoak beste bizimodu batzuk ezarriko ditu, baina hortan ez gara subjektu aktiboak izango"
Euskal Herriko gizartearentzat gaur egun arazorik handiena da etxebizitzaren balioa. Javier Moreno Zacarések azaldu zuen kapitalismoak errentak beti gora bultzatuko dituela. Lurrak mugatuak dira; etxe gehiago ekoizten badira ere, etxe berriak ez dira aurrekoak bezain baliotsuak izango, joeraren arabera. Eta azkenean jabeek eta ekoizleek etxebizitzen prezioa mantendu edo igo nahi dute beraien errentagarrisuna mantentzeko. Metaketa bat dago eta batzuen onurak gehiengoaren kalterako izaten da, eta horretan krisia dago.
Cecilia Rikapek esan zuen, ezagutzaren ekoizpenean beste krisi bat dagoela, eta AEBn enpresa gutxi batzuk metatzen ari direla ezagutza guztia. Batez ere, adimen artifizialeko enpresak dira guztion ezagutza xurgatzen ari direnak. Horrek, mundu demokratiko batean bizitzeko behar diren gutxiengo elementu batzuk lortzeko zailtasunak jartzen ditu, eta mundua krisian jartzen du zuzenean. Bizi izan dugun bizitza krisian dago. Kapitalismoak beste bizimodu batzuk ezarriko ditu, baina hortan ez gara subjektu aktiboak izango.
Etxebizitzaren inguruan, zer erantzun eman daiteke ekonomia kritikotik?
Etxebizitzaren Legea saiakera bat da. Europar Batasunaren barruan legediak baliabide fiskal eta legalak ematen dizkie Estatuei jabetza pribatua mugatzeko, eta batzuen metaketa hori mugatzeko. Beste modu bateko legediak beharko genituzke, eta baita bestelako dinamika ekonomiko-sozialak ere.
Euskal Herrira iristen diren turistak nahiko dirudunak dira, batez ere Europar Batasunaren iparraldekoak. Diru gehiago daukate hona ekartzeko, eta epe laburrean, diru gehiago gastatzen dute. Hemengo biztanleek ezin dezakete maila hori mantendu. Aldiz, Tailandia bezalako herrialde batera joaten garenean, gure soldatekin bertako errealitatea zeharo aldatzen dugu.
Etxebizitzako politikak zeharo aldatzeko, gure aisialdia antolatzeko moduari buelta eman beharko genioke. Batzuek diote etxebizitza publiko gehiago behar direla eta ados nago, baina zer modutan egingo dira? Erresuma Batuan politika nahiko onak izan zituzten 1950eko eta 1960ko hamarkadetan. Dirudunak eta txiroak ziren etxebizitzak nahasi zituztelako, getoak ez sortzeko. Aldiz, gaur egun Londresen desberdintasunak nabarmenak dira. Badira etxebizitzak okupatu edo desjabetu behar direla diotenak ere, baina ez dakit borondate politikorik dagoen. Gaur egun dugun etxebizitza legea ez da nahikoa. Askoz ausartagoak izan behar garela uste dut, eta gure bizimodua beste modua batean ulertu.
"Etxebizitzako politikak zeharo aldatzeko, gure aisialdia antolatzeko moduari buelta eman beharko genioke"
Emergentzia klimatikoak zer eragin dakartza ekonomian, eta zer eragin du ekonomiak emergentzia klimatikoan?
Enpresa batzuk ikusi dute mozkin berriak lortzeko bide bat dela. Besteak beste, automobil greenen industria dugu. Orain hirietan auto zaharrei mugak jarri dizkiete. Horrek eragingo du jendeak kotxe berriak erostea. Ekoizpen horiek berdeak izango direla zalantzan jarri dezakegu.
Materiak lortzeko?
Bai, adibidez. Auto zaharrak bagenituen, eta orain berri asko erosi behar ditugu guztiok. Ekoizpen prozesu horretan suntsiketa bat dago. Nahiz eta erdi ekologikoak izan, ekoizpenerako metala, plastikoa eta abar behar dira. Agian, auto gutxiago beharko genituzke eta gure autoak partekatu beharko genuke. Kontuan hartu behar da gidarien %85k bakarrik bidaiatzen duela. Green horren beharrarekin, askok dirua egingo dute eta ekonomiarentzat berdin du ekologiak. Mozkinak ateratzen diren bitartean, kapitalismoarentzat ondo dago.
Bitartean, ikerketa askok adierazten dute desastre klimatikoak batez ere pertsona txiroiei eragiten diela. Ikusi dezakegu non gertzatzen diren kalteak, uholdeak edota lurralde desplazamenduak: etxe txiroak dauden lekuetan. Valentzian ikusi genuen DANAren kontuarekin. Desarrollismoan sortatuko auzoetan eragin izan zuen batez ere. Horrelako egoera baterako azpiegitura prest ez zuten auzo horiek txiroenak ziren.
Uraren gabeziarekin antzeko gertatzen da. Idorte egoeran nork edukiko du ura lortzeko baliabide gehiago? Dirua duenak. Errentagarriak diren desoreka klimatikoetan txiroak direnak baliabide monetario gutxiago izango dituzte, haien biziraupena mantentzeko. Horregatik ikusten ari gara dirudunak lurrak erosten ari direla besteak beste Zeelanda Berrian; bertan, beren bunkerrak eraikitzen ari dira.
"Desoreka klimatikoetan txiroak direnak baliabide monetario gutxiago izango dituzte haien biziraupena mantentzeko"
2026. urtean Ekonomia Kritikoaren Jardunaldiak gauzatuko dira eta hori antolatzeko tarte bat egin da ikastaroan. Zein helburu ditu jardunaldi horiek?
Jaurdunaldi horiek urtean bitan egiten dira Espainia mailan eta hurrengo urtean Bilbon izango dira. Juan Barredo da antolatzailea, bere lantandearekin batera. Jaurdunaldi horiek nahiko akademikoak izango dira, baina ikastaroaren bidez eta praktika akademiko eta politikoaren bidez gazteria gehiago txertatu behar dugula ikusi dugu. Belaunaldi haustura eta haustura akademizistari aurre egin nahi genion jaurdunaldien bitartez eta uda ikastaroaren bitartez.
Udako ikastaroan gazteen ezagutza, jakintza eta profesionalizazio prozesua aztertu dugu. Horrez gain, politikan sartzeko prozesuak nola bideratu zitezkeen ikusi dugu. Haien beharrak plazaratu zituzten, eta interesgarria izan zen aztertzea aisialdia politikoa dela. Beraientzat, aisialdia berrantolatzea garrantzitsua zen, parrandari buruz hitz egin zuten, baina beste gauzetaz ere.
Hurrengo urterako helburua berrantolatu dugu eta espazio gehiago eman zaie ikaslei. Ikasleek hainbat mahai izango dituzte haien gradu edo masterreko lanak aurkezteko. Bestalde, espazio bat sortuko da beraiek galdera praktikoak egiteko beste irakasleei. Helburua pixkanaka horrelako eskola kritikoa hedatzea da.