Joxe Mari Zeberiok jasoko du Baserritarron Lagunaren 6. edizioko saria

Nekazal sektoretik kanpo, euren ohiko lanaren bitartez, nekazaritza, baserritarren zeregina eta baserri munduaren defentsan lan egiten dutenak aitortzea du helburu sariak

Joxe Mari Zeberio | Argazkia: ENBA Joxe Mari Zeberio | Argazkia: ENBA

ENBA nekazal sindikatuak Joxe Mari Zeberio sarituko du Baserritarron Laguna sariketaren 6. edizioan, sektorearen egituratzearen alde eta familia nekazaritzaren defentsan egindako lana aitortuz. Zeberio Ataunen jaio zen 1949an, baina berehala Andoaingo baserri batera joan zen bizitzera. ENBAk azaldu duenez, helburu bakarra izan du Zeberiok bere ibilbide osoan: lehen sektorearen alde eta familia baserriarentzat etorkizun duinaren alde lan egitea.

Hala, Cándido Iturriaga eta María Dañobetitia Fundazioan aritu zen lanean, eta baserritarren egituratzea bultzatu zuen bai sindikalismoan bai kooperatiba edota kudeaketa etxeei dagokionean. 1999an Munduko Landagunea - Foro Rural Mundial sorreraren gidaritzan izan zen, eta gaur egun mundu osoko 35 miloi nekazarien ordezkari diren 51 eragilez osatuta dago sarea.

Sariketa urtarrilaren 26an egingo da, Hernaniko Orona Fundazioaren auditorioan. Sariaren helburu nagusia nekazal sektoretik kanpo, euren ohiko lanaren bitartez, nekazaritza, baserritarren zeregina eta baserri munduaren defentsan lan egiten dutenak aitortzea da. Aurrez sarituak izan dira, besteak beste, Jaime Zubia Zinkunegi, Amama filma, ETBko Sustrai saioa edota Orona Fundazioa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK