BGAE Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen inbertsio-orientazioari buruzko datuak partekatu ditu gaur Eusko Jaurlaritzako Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko Zuzendaritzak, Ogasun eta Finantza sailaren parte denak. Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Behatokiko datuek diotenez, errenta finkoa da nagusi BGAEen inbertsio egituran. Aurreikuspen planetako ondarearen erdia hartzen dute mota horretako aktiboek, eta enplegu planek dute pisu handiena, arriksu ertaineko profilarekin. Gauza bera gertatzen da plan indibidualetan: dibertsitate handiagoa eskainita ere, errenta aldakor zuzenak toki mugatua hartzen du.
Egoera "bereziki adierazgarritzat" jo du Behatokiak adin-tarteak aintzat hartuz gero. Finantza-teoriaren arabera, denbora-horizontea zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta gaitasun handiagoa izan dezake pertsona batek hegazkortasuna onartzeko. Alegia, denbora tarte luzea izatea abantaila izan daiteke errenta aldakorrean inbertitzeko, epe ertain-luzera emaitza hobeak eman ohi dituena. Datuen arabera, ordea, 36 urtetik beherakoek errenta finko mistoko planak dituzte, zeinetan errenta aldakorrerako esposizioa ez den %30era iristen. Azken ekitaldian zertxobait gora egin du arrisku handieneko aukeren alde, baina oro har profil kontserbadorea gailentzen da.
Aitzitik, adin batetik gorakoenen kasuan presentzia nabariagoa da errenta aldakorreko zorroetan, termino erlatiboetan begiratuz gero. Horren ondorioz, gazteek eta jubilaziotik gertu dauden langileek inbertsio patroi antzerakoak dituzte, eta belaunaldi arteko aldea espero zitekeena baino txikiagoa da.
Behatokitik nabarmendu dute epe luzeko aurrezkiari loturiko erabakietan lagundu dezakeela modu sinplean azaltzeak zein harreman dagoen denbora, arrisku eta errentagarritasunaren artean, baita inbertsio estrategiaren errebisioak bultzatzeak ere. Izan ere, zuzendaritzatik aldarrikatu dute beharrezkoa dela ez soilik informazioa hobetzea, baizik eta produktuen diseinua eta kultura finantzarioa ere hobetzea datozen belaunaldien etorkizun orekatuagoa eta solidoagoa eraikitzeko.